Domeka goizaldean ordua aldatuko da
Urtean zehar egiten diren bi ordu aldaketen bigarrena gauzatuko da asteburuan, zapatutik domekarako gauean. Domekan, goizaldeko 3:00etan erlojuak ordubetez atzeratu eta berriro 2:00tan jarri beharko dira. Aldaketa honekin, domekak ordubete gehiago izango du, 25 orduko eguna izango da. Ordu aldaketa honekin martxo amaierara arte luzatuko den neguko ordutegia sartuko da indarrean.
Azkenaldian berriro berpiztu da ordu aldaketekin amaitzeko eskaera. 2018an ordu aldaketa gehiagorik ez egitea proposatu zuen Finlandiak eta Europako Batzordeak hala erabaki zuen. Hasieran 2019ko martxoa zehaztu zen azken aldaketarako data gisa baina 2021era atzeratu zen, eta tartean etorri zen Covid-19ak eztabaida etenarazi zuen. Orain, berriro mahai gainera atera da eta energia apenas ez dela aurrezten argudiatuta, ordu aldaketak bertan behera uzteko proposamena egin da Espainiako gobernutik. Proposamena bai baina erabakirik ez dago oraindik, beraz, igandean, ordua aldatu beharko dugu berriro. Gogoratu, neguko ordutegia berreskuratuko dugula eta domeka goizaldean ordulariak atzeratu eta 3:00etan 2:00tan jarri beharko ditugula.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!