Etxebizitza hutsen errekargua kendu eta alokatutako etxebizitzei %50eko hobaria aplikatzea proposatu du EAJk
2026ko udal ordenantza fiskalen gaia mahai gainean dute udalbatzako kideek, datorren asteko Osoko Bilkuran eztabaidatzea aurreikusten baita. EAJren udal taldeak bere proposamenak aurkeztu ditu, hiru ardatz nagusiren bueltan: etxebizitzen alokairua sustatu, eraginkortasun energetikoan aurrera egin eta udal tasak herriko errealitate sozialera egokitzeko.
Ondasun Higiezinen Zergan etxebizitza hutsei aplikatu ohi zaien %100eko errekargua kentzea eskatu dute jeltzaleek, azken urteetan egin bezala. Alokairua sustatzeko helburuz hartu zen neurri honek ez du esperotako ondorioa ekarri eta zigor errekargu bihurtu dela diote jeltzaleek. Alokairua sustatzeko beste bi neurri hartzea proposatzen dute: merkatu librean alokatutako etxebizitzei %50eko hobaria aplikatzea OHZn, Bizigune programak kudeatzen dituen etxebizitzen jabeek dituzten onura fiskalekin berdinduz; eta alokairura bideratzen diren etxebizitzak egokitzeko obren gaineko zerga malgutzea. Obrak aipatuta, lan txikietarako udalak zehaztuta duen gutxieneko ordain-muga kentzea eskatzen dute jeltzaleek, erreforma txikiak egitea errazteko neurri gisa.
Homologatutako ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak dituzten aparkalekuen OHZn %50eko hobaria aplikatuz ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzea eta 30 urtetik gorako ibilgailuei aplikatu ohi zaien hobaria historiko gisa katalogatuta daudenetara mugatzea proposatzen duten jeltzaleek. Eta, azkenik, kiroldegian eta ikastaroetan gazteentzako dauden tarifa murriztuko adin tartea 22 urtetik 25era luzatzea proposatzen dute, gazteen emantzipaziorako bataz besteko adina kontutan hartuta.
Aipatu proposamenak udal gobernu taldeari helarazi dizkiote jada jeltzaleek eta kontutan hartuko direla espero dute, bereziki, etxebizitza faltaren arazoa arintzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!