Debagoieneko energia bulegoa berriro martxan da, udako etenaren ondoren
Debagoieneko energia bulegoaren helburua da herritarrei informazioa eta aholkularitza ematea, eta udako geldialdiaren ondoren berriro martxan da. Bulegoa ibiltaria da, hau da, arduraduna herriz herri ibiltzen da eta Oñatira, asteazkenetan etortzen da eta Bidebarrieta kaleko 24an dagoen lokalean egoten da, 9:00etatik 14:00etara.
Bulegoan gai ezberdinen inguruko informazioa jaso daiteke: elektrizitate eta gas fakturen azalpena eta kontzeptu ezberdinak ulertzeko laguntza ematen da; merkatu arautuan eta librean dauden aukerei buruzko informazioa eta datu historikoetan oinarrituz, horniketa bakoitzari dagokion potentzia optimoa aztertzen da; etxean instala daitezkeen energia berriztagarrien inguruko informazioa ematen da eta etxebizitzaren birgaitze energetikoari buruzko gaietan aholkua ere bai, laguntza ekonomikoak eskuratzeko dauden aukerak aztertzearekin batera. Aurrez aurreko arretaz gain, telefono eta mezularitza zerbitzuak ere jarriko dira martxan, 747 48 51 47 telefono zenbakian eta energiabulegoa@debagoiena.eus helbide elektronikoan. https://energiabulegoa.debagoiena.eus/ webgunea ere aktibo dago.
Negua badator eta urte sasoi horretan energiaren prezioek gora egiten dutela gogorarazi da bulegotik. Horregatik komenigarria da elektrizitate eta gasaren kontratuen inguruko informazioa argi izatea. Bereziki komeni da jakitea zein motatako kontratua daukan bakoitzak eta zenbatero eguneratzen den. Baina norberak ez badaki, Energia bulegoan halakoei buruzko argibideak emango zaizkio, besteak beste.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!