Zaintzen S.A. enpresari esleitu zaio etxez etxeko laguntza zerbitzua
Uda-udazkenean izan den esleipen prozesuaren azken tramitea bete da, etxez etxeko zerbitzuaren kontratazioa esleitu eta onartu zen osteguneko Osoko Bilkuran. Bi enpresa aurkeztu ziren etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora. Kontratazio mahaiak, aurkeztutako txosten teknikoak eta eskaintza ekonomikoak baloratu ondoren, esleipena, Zaintzen S.A enpresaren alde egitea proposatu zuen eta hala onartu zuen udalbatzak, pasa den astean. Bi proposamenen arteko diferentzia eskaintza ekonomikoak markatu du, txosten teknikoak jasotako metodologian, arreta protokoloetan eta formazioan biek balorazio-puntuazio bera jaso dutelako. Eskainitako zerbitzu orduaren prezioan 36 zentimoko aldea dago, txikia ordu bakarra zenbatuz gero baina handia urteko, bataz beste, 38.000 ordu bete beharko liratekeela kalkulatu denean eta beste 3.000 ordu gehitu daitezkeela aurreikusi denean. Lan orduaren prezioa 35,24 eurotan zehaztu du Zaintzen enpresak 2026rako, 36,16 eurotan 2027rako. Tarifa horiei BEZaren %4a batu behar zaio. Hurrengo bi urtetarako orduko prezioa ere zehaztu zen azken Osoko Bilkuran, onartutako kontratuaren hasierako iraupena bi urte bada ere, beste bi urtez luzatzeko aukera jaso baita.
Goxara enpresa arduratzen da gaur egun etxez etxeko laguntza zerbitzuaz, aurreko kontratuaren epea esleipen berria egin arte luzatu baitzuen Udalak. Enpresa eta arduran erreleboa izango da beraz, baina egun horretan diharduten 37 langileek jarraitu egingo dute, subrogazioa jasota baitago lizitazio baldintzetan. Enpresa errelebo hori eta, ondorioz, kontratu berriaren indarraldia hastea 2026ko otsailaren 1ean izatea aurreikusten dute udal arduradunek.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Erabiltzaileen kopurua aldakorra da baina urtez urte gehitzen doa. Aurten, esaterako, 178 erabiltzaile ditu etxez etxeko laguntza zerbitzuak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!