Zabalik dago “Geuretik Sortuak” sorkuntza bekak eskatzeko epea, azaroaren 14ra arte
Abian da Udalbiltzak sustatutako Geuretik sortuak sortzaileentzako laugarren laguntza deialdia. Euskarazko lan-proiektuak aurkeztu behar dira eta lau sorkuntza alorretarako eskatu daitezke laguntzak: ipuin luzeak idazteko, komiki lanak sortzeko, antzezlanak lantzeko edota oholtzan aurkezteko moduko bestelako pieza hibridoagoak sortzeko. 2.500 euroko laguntza jasoko dute komikiak eta ipuinak sortzeko babesa eskuratzen duten sortzaileek, eta laguntza hori 30.000 euroko ere izan daiteke, adibidez, antzerki lan profesionalak lantzeko. Dirua ez ezik, hainbat astetako sorkuntza egonaldia ere eskaintzen du egitasmoak eta lana bukatutakoan, antolatuko den aurkezpen zikloan parte hartzea. Eskerak aurkezteko epea azaroaren 14an itxiko da. Proiektuan izena ematen duten herrien kopuruaren araberakoa da deialdian banatuko den laguntza kopurua baina orain arte 20 proiektu baino gehiago sustatu dira aldiro eta 30 izan ziren azkeneko deialdian.
Izen-emate orria betetzean, sortzaileek osatu nahiko luketen proiektuaren azalpen laburra aurkeztu behar dute, proiektua egokitutako herrian nola garatuko luketen eta hartu-emanak herriko zein jende-talderekin izango luketen azaltzea ere eskatzen zaie eta herrian burutzeko ekintzaren bat proposatzea, izan tailer bat, irakurle talderen batetan edota solasaldi batetan parte hartzea; izan ere, norberaren proiektua elikatzeaz gain, garatuko den herriko biztanleei ere ekarpen bat egitea baita Geuretik sortuak ekimenaren helburua.
Informazio gehiago jasotzeko bi solasaldi ireki antolatu dira: lehena gaur bertan egingo da Baionan eta bigarrena, ostegunean, urriak 22, Gasteizko Elkar dendan, Aritz Ibarra eta Uxue Bereziartua komikigileekin. Horrez gain, urriaren 27an, asteartez, arratsaldeko 16:00etan, Udalbiltzak webinar bat antolatuko du izen-emate sistema ondo azaldu eta interesdunen galderak erantzuteko. Argibide gehiago www.udalbiltza.eus atarian ikus daitezke.
Balioespen Batzorde batek lau diziplinetako proiekturik egokienak hautatuko ditu urte honen amaieran, eta proiektu bakoitzari Euskal Herriko udalerri edo udalerri multzo bat esleitu. Ondoren, 2027an zehar, sortzaile horiek sormen-egonaldiak egingo dituzte egokitutako udalerrietan, eta bertako esperientzietatik abiatuta ipuin, komiki, antzezlan eta arte eszenikoetako piezak sortuko dituzte. Emaitzak 2028ko zirkuitu nazionalean aurkeztuko dira.
Oñatik Geuretik sortuak beken lehen deialdian parte hartu zuen, iparraldeko Bonbon beltz taldearen sorkuntza lanean bidelagun bihurtuz eta Idoia Etxeberria oñatiarrak Bai, koanto! ipuina osatu zuen bigarren deialdian beka eskuratuta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!