Lurgorritako basoetatik ateratako su-egurra zozkatuko du Udalak
Lurgorrita inguruko basoetatik orain 40 bat urte landatutako haritzak bota dira; gehienak haritz amerikarrak dira baina bertako batzuk ere badaude tartean. Ateratako egurra sutarako salduko du Udalak eta esleipena zozketa bidez egitea erabaki da. Prozeduraren berri ematen duen bandoa argitaratu da.
Baso-lanetatik ateratako egurra enborretan banatuko da, moztu eta zatitu gabe, bost metro inguruko luzeran. 6 edo 12 tonako loteak eskuratzeko aukera emango da. Guztira, 12 tonako 40ren bat bidaia egitea aurreikusten da. 6 tonako loteak 400 eurotan eta 12koak 600ean eskuratu ahal izango dira. Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egon eta landa eremuko baserri edo etxebizitza baten jabe edo errentariak izan behar da; erositako su-egurra norberaren edo etxeko kontsumorako erabili beharko da. Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago, urriaren 30era arte. Su-egurra zein baserri edo etxebizitzarako eskatzen den zehaztu beharko da eskaera orrian. Eskaerak udaletxean, udal erregistroan presentatu behar dira.
Aurkezten diren eta baldintzak betetzen dituzten eskaeren artean zozketa egingo da, eskuragarri dagoen egurra agortu arte. Oro har, baserri edo etxebizitza bakoitzari lote bakarra esleituko zaio. Hala ere, egurra banatu ondoren soberakinik bada, lote gehigarriak esleitu ahal izango dira. Etxe bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da. Zozketa publikoa izango da eta azaroaren 6an egingo da, udaletxeko areto nagusian, 10:00etan.
Zozketaz esleitutako su-egurra jaso ahal izateko lotearen ordainketa aurrez egin beharko da Udalak emandako kontu korrontean. Su-egurraren garraioa Udalaren kontura izango dira baina egurra deskargatzeko eta gordetzeko behar adinako espazioa izan beharko da, baita kamioia bertara iristeko baldintza egokiak ere. Egurra banatu aurretik garraio-zerbitzuaren arduraduna onuradunarekin harremanetan jarriko da telefonoz, gutxienez, 24 ordu lehenago.
Ez da lehen aldia Udalak herriko mendietako basoetatik ateratako su-egurra saltzen duela.. Lehenago ere, Iturrigorriko pagadian egindako bakanketa lanetatik ateratakoa saldu du. Oraingoan pagorik ez, haritz amerikarrak dira su-egurretarako zozkatuko direnak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!