Oñatiko udala

Oñatik aurreikusitakoa baino 139 mila euro gehiago jaso ditzake Foru Funtsetatik

2026/10/19
Card image cap
Gipuzkoako udalen artean banatzeko 9,1 miloi euro gehiago egongo lirateke, urriko aurre likidazioaren arabera

  Lurraldeko ekonomiaren portaera onari esker, 2026rako aurreikuspenak % 1,3 gainditu ahal izango direla iragarri dute Gipuzkoako Aldundiko eta Ogasuneko arduradunek. Urtea ixterako lurraldean 7.080 milioi euro inguru biltzea espero da. Horrek, udalen finantzaketarako funtsean eragingo du, aurtengo likidazioan eta 2027ko aurrekontuetan. Udalen Finantzaketarako Foru Fondotik urte hasieran agindutakoa baino 9.119.000 euro gehiago bideratzea aurreikusi da, ostiralean jakinarazi zen behin behineko likidazioan. Behin betiko likidazioa otsailean izango da, eta gora behera batzuk egon litezke baina, printzipioz, udalek diru gehiago jasoko dutela pentsatzen da.

  2000. urteaz geroztik Gipuzkoako zerga bilketa % 156 handitu da eta urteroko hazkunde jarraituak bi alditan eten dira: 2008-2009 epealdian, garai hartan izandako atzeraldi handiaren ondorioz, eta 2020an, pandemiaren ondorioz. 2020ko Foru Funtsen likidazioan, Oñatik aurreikusitakoa baino 834.509 euro gutxiago jaso zituen. Orain egin den aurre likidazioaren arabera 139.688 euro gehiago jasoko lituzke, agindutakoa baino % 3 gehiago. Baina esan bezala, behin betiko datuak, otsailean ezagutuko dira.

  Foru Fondoen 2027ko lehen ordainketa otsailean bideratuko du Diputazioak baina Gipuzkoako udalek jada badakite datorren urtean 771.438.914 euro banatuko zaizkiela. Inoizko kopururik altuena. Biztanleen eta beste aldagai batzuen arabera egiten da diru horren banaketa. Oñatiko Udalak 11.717.788 euro jasoko ditu, aurten agindutakoa baino 687 mila euro gehiago. Garrantzitsua da Foru Funtsetik iristen den dirua, udal aurrekontuaren zati handiena betetzen baitu.

  Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartsu dagoela eta dinamismo positiboari eusten ari dela, nabarmendu zuen Eider Mendoza Ahaldun Nagusiak Gipuzkoan aurten bildutako diru kopuruari buruzko balantzea egin zuenean. 2025eko itxierarekin alderatuta, bilketa % 5,3 handitzea aurreikusten da, hau da, aurreko ekitaldian baino 355 milioi gehiago biltzea aurreikusten da. Euskal erakunde sistema arrisku partekatuko sistema dela jakinik, datu positibo horiek udalen finantzazioan ere islatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!