Zabalik dago 0-3 urte bitartekoentzako jolasgune berria, San Lorentzon
San Lorentzoko haur parkearen aldamenean, eta osagarri, eratu den haur txikientzako jolasgune berria erabilgarri dago jada. 0-3 urte bitarteko haurrentzako propio egokitu den espazioak hiru gune biltzen ditu: batean, toxikorik gabeko kortxozko zoru leun eta biguna jarri da, haurrek, nahieran, etzan edo lau hanketan ibili daitezen; gunea banku batek inguratzen du, zaintzaileak eseri eta elkartzeko edota txikienei lehen pausoak ematen laguntzeko; bestetik, Baserria eta Herria guneak daude; Baserriak, pinu azalezko zorua du, eta egurrezko ardiak eta txerriak; Herriak, aldiz, hondarrezko zorua dauka eta oreka lantzeko zirkuitoa eskaintzen du, esertzeko plataformarekin batera. Gune honetan hondarrarekin eta iturriko urarekin esperimentatu edota rol jokoetan aritzeko aukera izango dute neska-mutikoek.
Lurzoru iragazkor eta ludikoak erabili dira eta mugitzeko, atseden hartzeko, esperimentatzeko edota jolas sinbolikorako aukera desberdinak ematen duten elementuez hornitu da jolasgunea; aisialdira mugatu gabe, haurren autonomia landu eta garapen integralerako bitartekoak eskaintzea izan da asmoa. Gainera, espazioak beste berrikuntza bat ere badakar, erratza, pala eta eskuarea jarri dira, jolasgunea txukun mantendu dadin. Alde horretatik, beraz, zaintzaileen inplikazioa ere eskatzen da.
Herriko jolas eremuen inguruan landu zen Jolastuku diagnostiko oinarrizko dokumentu izan da San Lorentzoko jolasgune berri hau diseinatzerakoan. Orduan bezala, oraingoan ere, Projekta Urbes enpresaren aholkularitza izan du Udalak. Bide horretan, jolaserako eremuak aldatzen doazela, eta esperimentaziorako gune ez ezik, balio pedagogikoak lantzeko eta naturarekin konektatzeko aukera eman behar dutela esan du Ekhiñe Mendi, Haur eta Gaztedia batzordeburuak.
San Lorentzoko jolasgune berria K1 Ekopaisaia enpresa azpeitiarrak moldatu du, 48.211 eurotan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!