XXXVI. Musikegunetan Antonino Ibarrondo omenduko da.

2014/11/03
Card image cap
Konpositore eta banda zuzendariaren jaiotzaren lehen mendeurrenean, Ibarrondo aita-semeen obrak bilduko dituzten hiru kontzertu eskainiko dira, hilaren 9, 16 eta 23an.

  Hiruetatik lehenean, Felix Ibarrondoren lanak bilduz “Ensemble Sinkro” taldeak kontzertua eskainiko du.

  Ondorengo biak berriz Mikel Goiaingeruaren Parrokian izango dira eta  Antonino Ibarrondok zuzendu zituen bi bandek emango dituzte: hilaren 16an, Bilboko Musika Bandak eta 23an ,Oñatiko Musika Bandak. Azken kontzertuan ordea, bandakoak ez dira bakarrik arituko, herriko txistulariek eta abesbatzek ere parte hartuko dute, emanaldian, guztiek elkarrekin udaberrian grabatu zuten diskoa aurkeztuko baita.

  Aurtengo Musikegunetan herriko musikari bat omenduko dela kontutan hartuta, kontzertu guztiak doan izango dira. Santa Ana aretoko aforoa ordea mugatua da eta horregatik, gonbidapen txartelak gertatu dira. Gonbidapen hauek kultur etxean eta Txokolateixian eskuragarri egongo dira bihartik aurrera.

  Sarrerak doan izango diren arren, XXXVI. Musikegunen programak 14.100 euroko aurrekontua du. Dirua, antolatzaile diren bi erakundeek, Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko dute.

  Aurtengo Musikegunek beste berezitasun bat ere izango dute, kontzertuen hasieran Peio Zabalak aurkezpen txiki bat egingo baitu. Bestelako xehetasunik ere izango da baina horiek, ostegunerako deitu den prentsaurrekoan emango dituzte antolatzaileek.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!