XVI. Koben eguna ospatuko da datozen bi asteburuetan
Kobek balio historiko eta natural garrantzitsua dute eta ondare geologiko-paleontologiko hori ezagutaraztea da Kobazuloen Egunaren helburua, Nafarroako Mendukilo leizean egin den aurkezpenean azaldu dutenez. Lurpea elkarteko 8 kobetan eskaintza berezia antolatu dute, martxoaren 15-16 eta 21-22ko asteburuetarako. Oñatin, Arrikrutzen, sarrerak erdi prezioan jarriko dira martxoaren 15ean eta, gainera, Ilunpeko altxorrak ekintza birritan errepikatuko da, 10:30etan gazteleraz eta 15:00etan euskaraz; ekintza 3 urtetik gorako haurrei eta familiei zuzenduta dago. Asteburuko ekintza eta bisitetarako erreserba egitea gomendatzen da.
Lurpea elkartea Euskal Herriko zortzi kobek osatzen dute: Arrikrutz-Oñatiko kobak; Ekainberrik; Isturitze-Otxozelaia kobak, Astizko Mendukilo kobak, Pozalaguako kobak, Sarako leizeak, Zugarramurdiko Sorginen kobak eta Urdazubiko leizea; hegoaldeko kobetan asteburu honetan izango dira ekintza bereziak, iparraldekoetan, hurrengoan, 21-22ko asteburuan egingo dira, martxoaren 15ean udal hauteskundeak direlako iparraldeko herrietan. Kobazuloetara eta antolatutako ekintzetara hurbiltzen diren bisitari guztien artean sariak banatuko dira zozketaz: Euskal Herriko koba guztietan sartzeko hamar bono, produktu saski bat eta Arostegin Izarpe kanpinean dagoen Poods batean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia, gosaria barne. Mendukilo leizean egin den aurkezpen-ekitaldia probestu da Espeleofoto elkarteari Lurpea 2026 saria emateko.
Lurpea 2008an sortu zen euskal lurreko kobak elkartuz. Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari seigarren kontinentea deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!