Oñatiko udala

XIX. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dira udaletxetik

2026/11/10
Card image cap
Iazko irabazlea: amalur belar-denda
Izena emateko epea azaroaren 27an amaituko da

  Herriko dendari eta zerbitzuetako arduradunei atzo bidali zitzaizkien Oñatiko erakusleiho lehiaketan parte hartzeko gonbidapen idatziak; oinarriak, sariak eta epeak zehazten dira eta izen-emate orriak ere atxiki dira. Lehiaketan herriko denda eta zerbitzu guztiek parte hartu dezakete baina izen-emate orria bete eta udal erregistroan aurkeztu behar da. Horretarako azken eguna azaroaren 27a izango da. Parte-hartzaile guztiek 50 euroko laguntza jasoko dute.

  Eskaparateak dendaren ohiko produktuak erabiliz apaindu beharko dira, abenduaren 9rako eta hala mantendu beharko dira urte amaierara arte. Hainbat nobedade ditu aurtengo lehiaketak epaimahaiaren osaketari eta baloratuko diren irizpideetari dagokionean; arloan aditu diren pertsonek eta iazko irabazleak osatuko dute epaimahai teknikoa eta erakusleihoen konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasunaz gain, lehen inpresioa eta estrategia komertziala ere baloratuko dira. Epaimahai teknikoak hiru sari banatuko ditu eta Herritarren eta Haurren Sariak ere izango dira.

  Herritarren Sarirako bozka internet bidez izango da, abenduko Kontzejupetik aldizkarian, udalaren web atarian eta partehartzaileen erakusleihoetan jarriko diren QR kodeen bidez. Haurren sarirako berriz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek bozkatu ahal izango dute, datorren hileko Kontzejupetik aldizkarian argitaratuko den orria bete eta ludotekan edo Gaztelekuan jarriko diren hautestontzietan utziz. Bozkatzeko aukera abenduaren 16ko 14:00etan itxiko da. Eta bozkatzen duten haur zein nagusien artean 100 euroko bonu bana zozkatuko da.

  Guztira, 1.800 euro banatuko dira saritan: 500, 300 eta 200 euro, lehenengo, bigarren eta hirugarren saria irabazten dutenentzako, hurrenez hurren, eta 500 euro Herritarren Saria eskuratzen duenarentzako, 300 euro, Haurren Sarirako. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 17an egingo da, 13:15etan. Ondoren, mokadutxo bat izango da parte hartzaile guztientzat.

  26 partaide izan ziren iazko lehiaketan eta Amalur belar-dendak irabazi zuen sari nagusia, Andrea Azkoagak bigarren saria, Kimu-Urtxin lora dendak hirugarrena eta Herritarren saria eta Txokolateixak Haurren saria. Aurtengo sarituen berri abenduaren 17an jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!