Oñatiko udala

Bakardadeko Ama eta Portu kale inguruko hainbat aparkaleku hustu egingo dira bihartik aurrera, bi astez, film baten grabazio lanak tarteko

2026/11/09
Card image cap
Talde teknikoa ibiliko da aste honetan eta filmaketak hurrengoan egingo dira

  La Regenta eleberriaren zine-egokitzapen berria Euskal Herrian filmatzen ari da Mar Coll kataluniarra eta bere taldea. Segurako Markesena palazioan aritu dira urria erdialdetik eta datorren astean Oñatira etorriko dira, Galartza etxean hainbat eszena grabatzera. Filmaketa lanak 18, 19 eta 20 egingo dituzte baina talde teknikoa bihartik aurrera hasiko dira prestaketekin.

  Bakardadeko Ama kaleak eta Portu kalek bat egiten duten gunean, espaloian, grupo elektrogenoa kokatuko da eta Portu kaleko zamaketa gunearen zati bat nahiz Laboral kutxa aldameneko aparkalekuak hartuko dira karrozatuak eta bestelako kamioi batzuk uzteko. Bakardadeko Ama kalean, Galartza etxearen parean, bi garabi muntatuko dira, eraikina argiztatu eta kanpoko irudiak grabatzeko. Pelikulako ibilgailuek ez dute trafikoa oztopatuko baina azaroaren 18, 19 eta 20an kale mozketa intermitenteak gauzatuko dira, grabatzeko. Dena den, tarteka egingo diren mozketa laburrak izango direla jakinarazi dute filmako ordezkariek. Hilaren 17tik 20ra Santa Ana aretoa erabiltzea ere eskatu dute. Egun horietan kamioiak eliza aldamenera sartuko dira materiala deskargatzeko.

  Netflixek ekoizten duen La Regenta filma Euskal Herriko hainbat herritan grabatzen ari dira. Ester Expositok jokatzen du Ana Ozores protagonistaren papera eta  Oriol Plá Fermin de Pas izango da. Leopoldo Alas Clarinen eleberria Vetusta fikziozko hirian kokatzen da, nahiz eta jakina den Oviedo zela hura asmatzeko inspirazioa. Eta hasieran Oviedon filmatzea zen taldearen asmoa baina baimen arazo batzuek tarteko Euskal Herrira ekarri dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!