Dwingi Dwingi taldeak eta Yeray Varelak, lehen saria, publikoarena eta interpretazio sariak irabazi dituzte "Hi, bizia" lanagatik
Larunbatean jokatu zen XVII. Oñatiko Laburmetrai Rallyaren irabazleak Dwingi Dwingi taldekoak izan ziren, jokoan zeuden bost sarietatik hiru eskuratuta. Epaimahaia eta publikoa bat etorri ziren eta Hi, bizia lanari eman zioten lehenengo saria, batzuek, eta publikoarena, besteek. Gainera, pertsonaia ugari agertzen diren laburmetraian egindako lanagatik Yerai Varelak interpretazio saria eskuratu zuen. Bigarren saria Baltzerdi taldearen Dictaberri filmak jaso zuen eta hirugarrena, Guggenheim taldearen Onddo gosez.
Saritutako hiru lanak antolakuntzak emandako pelikula ezberdin batekin du lotura. Horixe izan baitzen zapatuko film laburren rallyko berezitasuna; zinearen historian mugarri diren lau film ezagunetako beste horrenbeste pasarte proposatu ziren gaitzat, edo inspirazio oinarri: Diktadore handia, 2001:odisea bat espazioan, Gau bat operan eta Psikosi. Zozketaz banatu ziren landu beharreko filmak eta taldeek 11 ordu izan zituzten euren lanak ontzeko. Lanetan, hainbat zine errekurtso ere txertatu behar izan zituzten. Azkenean, sariak nahikoa banatuta geratu ziren: lehen saria eta Santa Ana aretoan bildu zen publikoarena Marx anaien kamarotea kotxe bihurtu zuen Dwingi Dwingi taldeak eraman zituen, bigarrena, diktadore handia Diktaberri telebista saioko esatari bihurtu zuen Baltzerdik eta hirugarrena, 2001: odisea bat espazioan filmeko primatea onddozale-harrapakari bihurtu zuen Guggenheim taldeak. Saritutako lehenengo bi lanak Demasa lehiketan parte hartuko dute orain. Demasa herriz herri eta euskaraz egiten diren laburmetraien lehiaketen lehiaketa da.
13 talde eman zuten izena laburmetraien rallyan parte hartzeko, 13ek garaiz entregatu zituzten beraien lanak eta, ondorioz, 13en lanak hautagai izan ziren sarietarako. Lan guztiak ikusgai daude jada ORLren youtube kanalean. Itsaso Polek, Miren Maniasek, Unai Portillak eta ekitaldiaren aurkezle lanak ere egin zituen Aitor Abarok osatu zuten epaimahaia, larunbatean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!