Oñatiko udala

Venezuelarako botikak eta oinarrizko sorospen materiala jasotzen ari dira Olakua tabernan

2026/07/02
Card image cap
Batutako botikak zuzenean eramango dituzte abuztuan, gainontzekoa erakunde ezberdinen bitartez helaraziko da

  Venezuelarrak dira Olakua taberna egun kudeatzen duten lagunak eta pasa den asteko lurrikarrek eragindako beharrei erantzun ahal izateko oinarrizko osasun materiala biltzeari ekin diote. Taberna kanpoaldean jarri den kaxan botikak eta oinarrizko sorospen materiala jasotzen ari dira: musukoak, bendak, gazak, alkohola eta zauriak garbitzeko likidoak, konpresak, eskularruak, ferulak, kollarinak eta bestelako osagarriak. Abuztu erdialdera arte jasoko dute materiala eta ondoren Venezuelara eraman edo bidaliko dute. Izan ere, abuztuaren 16rako bidaia hartuta zuten lehenagotik eta nahi adina botika eramateko bidea eskaintzen die aire konpainiak. Zuzenean eraman ezin duten materiala beste hegaldiren batetan eta Venezuelan lanean ari den elkarteren bitartez helaraziko dutela adierazi digu tabernako arduradunak.

  Orain astebete Venezuela astindu zuten bi lurrikarek La Guaira estatua eta Caracas hiriburua jo zituzten gogorren. Eraikin asko behera etorri ziren edo kaltetuta geratu dira. Azken datuen arabera hildakoak 2.295 dira, zaurituak, berriz, 11.267. Desagertutakoen kopurua ematea zailagoa da baina Nazio Batuek 50.000 izan daitezkeela, diote. Berehalako laguntza behar da, jakiak, ura, arropa eta oinetakoak eta era guztietako botikak eta osasun materiala, besteak beste. Oñatin, botikak eta oinarrizko sorospen materiala batzen ari dira Olakua tabernan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!