Oñatiko udala

20 lagunek hasiko dute larunbatean udalak antolatu duen aisialdiko begirale ikastaroa

2026/10/22
Card image cap
Inoizko matrikula kopuru handiena da

  HEZTEN aisialdiko eskolako teknikariek emango dute ikastaroa, Eltziako hirugarren solairuan. Larunbatetan izango da, urriaren 24an hasi eta ekainaren 5era arte, goizeko 9:00etatik 15:00era. Zehaztu diren 23 larunbatei, azaroaren 28 eta 29ko asteburuan egingo den jardun trinkoa batu behar zaie. Hori, aterpetxean egingo dute partaide guztiek. Guztira, 150 ordu teoriko beteko dituzte. Baina Eusko Jaurlaritzak ematen duen titulu ofiziala eskuratzeko, 160 ordu praktiko bete beharko dira eta memoria txosten bat ere aurkeztu beharko da. Hiru atalak osatzeko 2028ko irailera arteko epea izango dute ikastaroa etzi hasten dutenek.

  Inoizko partaidetza handiena izango du udalak antolatutako zazpigarren aisialdiko begirale ikastaro honek. 20 lagunek parte hartuko dute, 13 neskak eta 7 mutilek. Gehienak oñatiarrak dira, 16, hain zuzen, baina bina bergarar eta antzuolar ere etorriko dira. Partaideek 500 euroko matrikula ordaindu beharko dute baina udalak dirulaguntzak ematen dizkie, eskola aprobetxamendu ona izan edo titulua eskuratu eta Oñatin erroldatuta daudenei; ikasle eta langabeek ordaindutakoaren %75a bueltan jasoko dute, gainontzekoek, matrikularen erdia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!