VALUARTE–INMEVA UTEari esleitu zaizkio unibertsitatean turismo bulegoa eratzeko lanak
Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-proiektuaren bigarren fasean hiru eskuhartze nagusi egingo dira: turismo-bulego berria izango dena, larrialdietarako eskailera berria eta igogailua. Aireztapen eta klimatizazio-beharrei erantzuteko instalazioetarako espazioak ere egokituko dira. Eskaintza bakarra aurkeztu zen Aldundiak deitutako esleipen prozedurara, Valuarte-Inmeva aldi baterako enpresa elkartea, hain zuzen ere. Diputazioak zehaztutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, kontratua sinatu da UTE gaztelarrarekin. Lanak 907.355,32 eurotan eta bost hilabetetan egingo ditu, Aldundiak zehaztutako aurrekontua 100.000 eurotan merkatuta eta egikaritze epea hilabete murriztuta.
Sancti Spiritus unibertsitatean egokituko den turismo bulegoa eraikinaren sarrera nagusitik ezkerretara, IVAPen bulegoak egon ziren espazioan eratuko da. Harrera gunea, bulegoa eta biltegia izango ditu. Espazioak egun duen maila berdinduko da, eremu irisgarria sortuz. Izan ere, bigarren fase honen helburua ere bada unibertsitatearen eraikinak egun dituen irisgarritasun eta segurtasun gabeziak hobetzea. Hala, igogailua jarriko da, eraikinaren ezkerraldeko dorrearen barruan, turismo bulego berriaren atzealdean, eta larrialdietarako eskailera berri bat ere prestatuko da. Era berean, larrialdi-irteera berriak egokituko dira, eta aireztapen eta klimatizazio-beharrei erantzuteko instalazioetarako espazioak eratuko dira. Esleitu berri diren lanok urtarrilean hasi ziren kanpoko fatxadak, klaustroa eta eraikinaren estalkia zaharberritzeko lanekin batera egingo dira eta dena udazkenean amaitzea aurreikusten da.
Valuarte-Inmeva UTEari berriki beste kontratu bat esleitu zaio Palentzian Monzón de Camposeko gaztelua kulturgune bihurtzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!