Oñatiko udala

V. Hika Eguna ekainaren 20an ospatuko da

2026/06/11
Card image cap
Pili Irazabal euskaltzale omenduko da eguneko ekintzen hasieran

  Oñatiko Hika Eguna ohitura bihurtzen ari da. Bosgarrena izango da aurtengoa. Egitarau xume bezain goxoa antolatu du Ingo Xonau! taldeak, Udalaren babesarekin. Egitaraua irekiz, 12:00etan, Pili Irazabal euskaltzalea gogora ekarri eta omenduko da udaletxeko arkupeetan; Irazabal oso ezaguna zen herrian hainbat proiektutan parte hartu zuelako: Txantxiku ikastolako irakaslea izan zen urte askoan, Pake Lekuko mintzalaguna programako kidea eta euskarazko irakurle taldeko gidari, odol emaileen taldeko arduradunetako bat eta hikalaguna ere bai. Oñatin gordetzen den noka jasotzeko elkarrizketatu ziren 54 emakumeetako bat zen izan zen Pili Irazabal. Iaz hil zen laguna gogoratzeko zerbait esan edo kantatu nahi dutenek kontzejupeian jarriko den mikroa irekita izango dute.

  Eguneko lehen ekitaldi goxo horren ostean, egitarauak urteroko osagaiak izango ditu: hika-poteoa, 13:00etan, hika-bazkaria ondoren, 14:30etan, eta arratsaldean, kalez kaleko hika-erromeria EinGo taldeak girotuta. Iturritxo jatetxean egingo den bakarira joateko izena eman behar da, Irizar estankoan. Bazkalostea hainbat jolas eta ariketa egingo dira hitanoa ardatz hartuta. Baina antolatzaileek azpimarratu nahi dute ez dagoela hika jakin beharrik parte hartzeko eta nahikoa dela entzuteko prest egotea. Aurreko urteetan oso giro polita sortu da, eta hika praktikatu nahi duten guztiak animatu eta gonbidatu nahi dira.

  Ingo Xonau! taldea Oñatin noka biziberritzeko sortu zen, eta 2019tik hainbat jarduera egin ditu norabide horretan; duela gutxi amaitu zen bosgarren hika ikastaroa ere. Beatriz Irizar izan da irakaslea eta hamar herritar aritu dira hika lantzen, modu dinamiko eta ludikoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!