V. “Oñatiko Unibertsitatea” Arkeotopaketak hasiko dira bihar

Ondare arkeologikoa eta paleontologikoa sustatu eta ezagutzera emateko helburuz Oñatiko Udalak eta EHUko Historiaurreko taldearen arteko lankidetza hitzarmenaren haritik sortu ziren Oñatiko Unibertsitatea arkeotopaketak. Aurreko lau ekitaldietan 200 ikerlari inguru izan dira gai ezberdinak aztertu eta ikerketa lanak partekatzen; besteak beste, Pirineotako Historiaurreko mugikortasuna eta sareak: industria litikoak, Euskal Historiaurrea: eguneratzea eta etorkizuneko erronkak edota Emakumeak eta Historiaurrea gaiak jorratu dira. Bihartik ostiral eguerdira arte luzatuko diren V. Arkeotopaketetan, Iberiako Lehen Goi Paleolitoa izango da gaia eta honen inguruan egindako azken ikerketak aurkeztuko dira.
Bihar arratsaldeko 16:00etan hasiko dira Arkeotopaketak, protokoloak agintzen duen aurkezpen ekitaldiaz. Ondoren, eta ostiral eguerdira bitartean, penintsulako gune ezberdinetan berriki egin edo egiten ari diren 22 indusketa eta ikerketen berri emango dute adituek. Tartean, Araotzen, Jaturabe IX koban egiten ari diren lana azalduko du Naroa Garcia ikerlariak eta Araotzeko bailara historiaurrean pasabide zenaren hipotesia defendatuko du.
Baina ikerlarientzat propio diren lan bilerez gain herritar guztioi irekita izaten diren hitzaldi dibulgatzaileak dira Oñatiko Unibertsitatea arkeotopaketen ezaugarria. Paleolitikoko Artistak Andaluzian izenburupean, hitzaldia egingo du Maria Dolores Simonek, Sevillako unibertsitateko irakasle eta ikerlariak. La Pileta, Ardales eta Nerjako kobazuloetako hormetan agertzen diren animalien irudi eta sinboloetan barrena bidaiatzera gonbidatuko gaitu, lan horien bidez, Andaluziako paleolito garaiko artisten sormena azalduz. Herritar guztioi irekitako hitzaldi hori bihar izango da, Sancti Spiritus unibertsitatean bertan, 19:00etan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!