Oñatiko udala

Euskalgintzako ekimen ezberdinetarako 8 dirulaguntza eman ditu Udalak

2025/10/31
Card image cap
Korrika, ikastolen jaiak, ikasmateriala euskaraz sortu edota euskararen erabilera sustatzeko laguntzak dira

  Euskalgintzan diharduten 8 elkarte edo ekintzen antolatzaileei dirulaguntza zuzenak ematea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran.. Horietako hiru euskara jaietarako dirulaguntzak dira eta Kilometroak eta Ibilaldia jaietarako 320na euro bideratzea erabaki zen, Nafarroa Oinez jaira berriz, 660 euro, lurralde horretan euskarak eta ikastolek duten egoera kontutan hartuta.

  Datorren urtean, martxoaren 19tik 29ra egingo den 24. Korrika babestuz, antolatzaileen eta Oñatiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatu eta 5000 poltsen kostuaren pareko dirulaguntza ematea erabaki da, 3.236 euro.

  Bestalde, Badihardugu elkartearen eta Udalaren arteko harremana aspalditik dator, 2001etik, hain zuzen. 2016an, lankidetza hitzarmena eguneratu zuten eta, orduz geroztik, Oñatiko Udalak, biztanleko ekarpena egiten dio elkarteari. 2025ean 575 eurokoa izatea onartu zen atzoko Osoko Bilkuran. Kontseiluak eta Behatokiak ere jasoko dute laguntza, lehenak, euskararen aldeko borondatezko gizarte konpromisoa sustatzeko eta bigarrenak, euskal hiztunen hizkuntza eskubideaz arduratu eta horiek bete daitezen bermatzeko ekintzetarako. Bakoitzak 600 euro jasoko ditu.

  Azkenik, Laneki elkartera dirulaguntza bideratzea ere erabaki zen atzoko Osoko Bilkuran. Lanbide Heziketan euskara normaltasunez erabili ahal izateko ikasmateriala sortzeaz arduratzen da eta ekimen horretarako 2.117 euro emango zaizkio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!