Kale garbitzaileen greba bertan behera geratu da
34 egunen ondoren kale garbitzaileen greba mugagabea bertan behera geratu dela jakinarazi dute Udalak eta langileen batzordean ordezkaritza duten bi sindikatuek, LABek eta ELAk, prentsara zabaldu duten ohar banaren bitartez. Negoziatzeko prestutasuna hasieratik izan duela eta greba bertan behera geratu bada ere, akordioa lantzen jarraitzeko kronpromisoa adierazi du Udalak. Lortu den aurreakordioa nahikotzat eman du LABek, langileen lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak lortu direlako eta eratu den mahai teknikoan hobekuntza gehiago lortzea aurreikusten dutelako. ELArentzat, ordea, proposatutako akordioa ez da nahikoa eta ez du segurtasun juridikorik. Horregatik, akordioa ez duela sinatuko adierazi du.
Lan egutegian eta plantillan azpimarra jarri zuten kale garbitzaileek irailaren 27an greba mugagabeari ekingo ziotela iragarri zutenean. Eguneko jarduna luzatu eta gainontzeko udal langileen parera jasota, atseden egun gehiago hartzeko aukera eskatzen zuten. Eguneroko lana errazteko pioi gidarien kopurua handituz barredora gehiago kalera ateratzeko bitartekoak jartzea eta plantila beste 2 kale garbitzaile gehiago kontratatuz osatzea ere eskatzen zuten, besteak beste. Plantila handitzeko adostasunik ez da lortu baina pioi gidarien kopurua bitik laura gehitzeko hitza eman da eta hala islatuko da abian den hautaketa prozesuan, beteko diren pioi gidari plazak gehitzeko aldaketa eginez. Lan jarduna 7:24ra luzatuko da eta 13 lanegun gutxiago izango dituzte kale garbitzaileek. Aparteko ekintza berezirik ez dagoen asteburuetan 4 langileko taldeak arituko dira lanean. Era berean, epe motzeko bajak betezeko ahalegina egingo dela adierazi da, finkatzen den egutegia errazago betetzeko. Lan taldea handitu beharreko egunak finkatu eta urteko egutegi markoan jaso dira. Egutegiez eta sortzen diren beharren jarraipena egiteaz negoziazio prozesuan propio eratu den tmahai teknikoa arduratuko da. Bi hilean behin elkartuko den jarraipen-mahai hori bost lagunek osatzen dute: kale garbitzaile batek, komiteko bi sindikatuen ordekari banak, udal teknikari batek eta politikari batek.
Aurreakordioan jasotako hobekuntzak positiboki baloratu arren, horien egonkortasuna zalantzan jarri du ELAk, zaila ikusten baitu egungo langile kopuruarekin eutsi ahal izatea. Horregatik ez du akordioa sinatuko, lan baldintzen benetako hobekuntza batek, langile gehiagoren beharra eskatzen duelako, prentsara zabaldutako oharrean zehaztu duenez.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!