Etxez etxeko laguntza-zerbitzua finantzatzeko hitzarmena luzatu dute Udalak eta Foru Aldundiak
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzazioa hiru hanka edo zutabetan oinarritzen da; zatirik handiena Udalak ordaintzen du, baina Foru Aldundiak eta erabiltzaileek ere ekarpena egiten dute. Dauzkaten diru sarreren arabera zehazten da erabiltzaileen ekarpena eta, gainontzekoa, Udalak eta Foru Aldundiak aurrez sinatutako hitzarmenaren arabera betetzen dute. Hala erabaki zuten bi aldeek 2018an eta hala berretsi zuten 2021ean. Orduz geroztik urtez urte berrituz joan da eta azkena irailaren 30ean bete zenez, 2026ko irailaren 30era arte luzatzea erabaki zen atzoko Osoko Bilkuran.
Urtetik urtera handituz doa etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gastua; 2020an ia 768 mila euro izan zen eta 2024an, 1.264.441 euro. Aurtengo irailera arte, berriz, ia 876 mila euroko gastua kontabilizatu da. Erabiltzaileek orduko ordaintzen duten tasa mugatuta dago eta hortik gora, zerbitzuaren gastua betetzeko kostua Udalak hartzen du bere gain, Aldundiaren ekarpenarekin. Udalaren diru ekarpena handituz doa urtetik urtera; 2020an, kostuaren %62a Udalak ordaindu zuen eta 2024an, %66a izan zen. Erabiltzaileek %16a ordaindu zuten eta Diputazioak gainontzeko %18a.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beraien burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!