Ustez herritarrak beldurtu asmoz dabiltzan kaputxadunak identifikatzeko lanean ari da Udaltzaingoa
Gertakarien inguruko salaketak jaso dituzte udaltzainek eta ertzainek eta elkarrekin ikertzen ari dira. Iraileko lehen bi gauetan ezohiko hainbat gertaera jazo dira eta bietan ezaugarri beretsuko autoa eta aurpegia kaputxaz estaltzen zuten pertsonak dira protagonista. Herrian dauden trafiko kameretako irudiak aztertzen ari dira kotxea identifikatu eta kaputxadunak nortzuk diren jakiteko.
Lehen sakaketak irailaren 1etik 2rako gauean gertatutakoaren haritik jaso ziren; auto batetik hainbat objektu jaurtitzen aritu ziren inguruan pasatzen ziren beste ibilgailuetara, tomateak, patatak eta bestelakoak. Kotxeak martxan ziren, istripuren bat eragiteko arriskuarekin. Objektuak jaurtitzen zituztenek aurpegia estalita zutela adierazi dute salatzaileek. Hurrengo gauean, 2tik 3ra, San Juan kaletik sartu zen kotxe batetatik bi kaputxadun irten eta plazan zeuden hainbat adin txikikoren atzetik antxintxika joan zirela salatu da. Neskatilak, beldurtuta, bebarru batetan hartu zuten babesa eta Ertzaintzara deitu zuten. Ertzainak minutu gutxiren buruan bertaratu ziren arren ez zituzten kaputxadunak topatu.
Herriguneko kameretako irudietan azken ekintza horren irudiak ikusi dituzte eta trafiko kameretako grabazioak aztertzen ari dira ibilgailuen nondik-norakoak zehaztu eta San Juan kalean geratu zen hori egoki identifikatzeko. Nolanahi ere, ez dute uste helburua neskaren bat harrapatzea zenik, beldurtzea baizik, udaltzainburuak adierazi duenez.
Gertakarien berriak sare sozialen bitartez zabaldu dira eta kezka sortuz herritarren artean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!