Ustez ETArena zen zulo bat topatu du Ertzaintzak Arrionako baso eremuan

2022/10/24
Card image cap
Abandonatutako lehergaiak eta detonagailuak aurkitu dituzte

  Arriona inguruko baso eremuan, harkaitz zulo batean, lehergailuak egiteko materiala topatu du Ertzaintzak, atzo goizean jakinarazi zuenez. Mota ezberdinetako zortzi detonagailu, metxa-hondarrak eta Goma motako 2 kg lehergai zituen poltsa bat topatu zuten. Horma bertikal bateko harkaitzartean zegoen zuloa, lurretik pare bat metroko altueran, eta materiala harriz estalita zegoela.

  Zuloaren kokapena eta harkaitz-zuloan ikusitakoa kontuan hartuta, ETAk erabilitako ezkutaleku bat izan daitekeela uste du Ertzaintzak. Polizia-eginbideak ireki dira eta elementuak ekintza kriminaletan erabili zituzten jakiteko dagozkion peritu-azterketak egin ondoren, Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 4. Epaitegi Zentralera bidaliko dira.

  Ertzaintzat azaldu duenez, zulo horren aurkikuntza Ertzaintzak etengabe zabalik duen ikerketa prozesuaren emaitza da. Helburua berriz, argitu gabeko ETAren atentatu bakoitza argitzea dela zehazten da prentsa-oharrean.

  Ildo berean, Ertzaintzak gogorarazi du zein garrantzitsua den jakinaraztea halako lekuetan bidoiak, baldeak, hozkailuak eta antzerakoak aurkitu direla. 112 telefono-zenbakiaren bidez edo edozein ertzain-etxetara deituz berri ematea eskatu du eta halakoak miatzea arriskutsua dela ohartarazi du, egoera txarrean dauden lehergailuak egon baitaitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!