Oñatiko udala

Usakon itotako mutilaren gorpuarekin zer egin erabakitzeke dute Larraña etxean

2025/05/19
Card image cap
Astebete besterik ez zeraman Oñatin atzo ito zen 24 urteko mutilak

  Gertatutakoaren abisua 16:15 aurretxoan eman zen SOS Deiak-en. Usakon, giltzatik salto egin zuten bi mutiletako bat ez zela irten eta ez zela uretan ageri jakinarazi zuten. Udaltzainak izan ziren lekura iristen lehenak eta bat uretara sartu zen baina ez zuen desagertutako mutila topatu. Bitartean, Zubillagako suhiltzaileak ere bertaratu ziren eta neoprenoz jantzitako bat putzura sartu zen baina honek ere mutila topatu ez eta irten beharra izan zuen, ura oso hotza, 11 bat gradutara zegoelako; hotza eta zikin, aurreko egunetako euriak eraginda. Ertzaintzako urpekariak ere bertaratu ziren eta lekukoek emandako argibideak jarraituz, mutilaren gorpua topatu eta atera zuten. Bizkortzen saiatu ziren baina hilda zegoen eta hala egiaztatu zuen auzitegiko mediku forenseak.

  24 urteko mutila da itota hil zena, afrikarra jatorriz, zein herrialdetakoa zen zehatz adierazi ez den arren; Boli Kosta, Maroko eta Burkina Fasokoa zela aipatu da argitalpen ezberdinetan. Astebete besterik ez zeraman Oñatin, Kaniariar uharteetatik etorrita, eta Larraña etxean dauden gainontzekoen antzera, errefuxiatu izaera legeztatzeko asmoz. Larraña etxeko egoiliarrak eta langileak oso hunkituta daude eta Eusko Jaurlaritzak dolu kasuetarako protokoloa abian jarri du, laguntza eskaintzeko. Usakon itotako mutilaren gorpuarekin zer egingo den ere oraindik ez dutela erabaki adierazi dute, bere jaioterrira eramaten saiatuko diren edo Oñatin, lurperatuko dute.

  Istripu eta ezusteko ugari izan da asteburuan gurean, larriena, Usakon atzo gertatu zen itotzea izan bazen ere. Atzo eguerdian emakume bat jausi zen plazan, mokorra apurtuz. Goizean, Udanatik behera zetorren txirrindulari bat jausi zen eta Zumarragako ospitalera eraman behar izan zen eta ostiral goizean ere, Woman Itzulia  proban parte hartzen ari zen txirrindulari bat saihesbidean jausi zen eta Arrasateko ospitalera eraman zuten. Ostiral arratsaldean, amaitzeko, Oñatin lapurtu zuten auto bat Arrasateko parking batean aurkitu zuten; lekua zaintzen egon ziren ertzainak eta kotxera sartu ziren bi pertsona identifikatzera hurbilduta, delitu ugari zituztela egiaztatu zuten eta atxilotuta eraman zituzten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!