Oñatiko udala

Usako eta ur txorroetako bainu denboraldia datorren larunbatean, ekainak 14, hasiko da

2025/06/06
Card image cap
Urpekariak Usako, aurreko urte batean
Urpekariak gaur arratsaldean joango dira putzua garbitzera

  Hiru hilabetez luzatuko da bainu denboraldia Usakon eta Ur uhinak parkean, ekainaren 14tik irailaren 14ra. Baina errekako uraren zaintza, lehenago hasi da eta datozen asteetan mantenduko da. Iaz udalak berreskuratu zuen uren kalitatearen kontrol eta analisien ardura. Osasun Sailak eskatuta, bainu ez gomendatua kartela jarriko da bainu-gunearen inguruan, azken urteetan egin den bezala. Gaur arratsaldean etorriko dira urpekariak putzua garbitzera. Bainu denboraldiko hiru hilabeteetan sorosle zerbitzua jarriko du Udalak, 15:00etatik 20:00etara.

  Usako ingurua lehengoratzeko lanak amaitzear daude. Izarraizpe lorezaintza enpresak osatu zuen proiektua oinarri hartuta, Usakora doazen bidezidorren azpiegiturak hobetu dira, zorua konpondu eta erreka bazterrean egurrezko babes hesiak jarriz; Zuazolako zubitik dagoen bidean, urak hartuko dira, putzuak saihesteko; eta komunaren etxola alertze egurraz estali da, sortzen zuen inpaktua leunduz. Landare basati eta inbaditzaileak kendu dira eta datorren neguan, landaketa berriak egingo dira.

  Eltzia aurrealdeko ur parkean ere dena prest dago. Txorroten ur zirkuitua errebisatu eta antzeman zen matxura bat konpondu da eta guztia gertu dago datorren zapatuan, martxan jartzeko. Ur parkea irailaren 14ra arte martxan izango da, 11:00etatik 21:00ak arte.

  Zubikoako berdegune eta solarium-a, aldiz, oraindik ez da ireki. Terrazan filtrazio arazo batzuk antzeman ziren eta horiek konpontzeko lanak egiten ari dira; zoruko plaketa batzuk jaso behar izan dituzte. Lanok astearterako amaitzea aurreikusten da eta, hala balitz, asteazkenean irekiko da solariuma eta baita berdegunea ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!