Oñatiko udala

Urteko lehen Osoko Bilkura egingo da arratsaldean

2026/01/29
Card image cap
Ikastetxeei ematen zaizkien udal-dirulaguntzak eta Saltoka elkarteak egin duen dirulaguntza eskaera aztertuko dira, besteak beste

  12 puntuko lan zerrenda prestatu da gaur arratsalderako eta, orokorrean, ez dirudi urteko lehen Osoko Bilkura hau bereziki luzatuko denik, gai asko tramitezkoak direlako. Hori bai, presazko gaiak edo larrialdi mozioak aurkezteko tartea izango da eta, alde horretatik, azken orduko ezustekoren bat izan liteke. Zehaztuta eta jakinarazi diren gaien artean, ordea, Udalak ikastetxeei eman ohi dizkien dirulaguntzen oinarriak eguneratzea eta aurtengo deialdia egitea proposatuko da. Hezkuntza departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntza hauetan dauden eskaerak baloratzeko irizpide berri bat sartzea proposatuko da, hain zuzen ere, Natur eskolaren erabilera. Udalak babesten duen ekipamendu honetako kudeatzaileek hezkuntza eskaintza aberats eta zabala egiten dute eta herriko ikastetxeak horretaz baliatzera animatu nahi dira, besteak beste, dirulaguntzen banaketan honen erabilera ere kontutan hartuta. Irizpide berri hori oinarrietan jaso eta aurtengo deialdia egitea proposatuko zaio udalbatzari arratsaldeko bileran.

  Saltoka elkarteak egin duen dirulaguntza eskaera ere aztertuko da batzarrean. Bergarako Gureak tailerrera lanera doazen oñatiarrek eta familiek osatzen dute Saltoka elkartea. Jakina da Oñati eta Bergara arteko autobus lotura konplexua dela eta, ondorioz, Gureak tailerretara doazenentzat zerbitzu berezia kontratatzen da. Garraio gastu horri aurre egiteko dirulaguntza eman ohi du Udalak eta aurten ere ematea eskatu du Saltoka elkarteak.

  Arratsaldeko 18:30etan hasiko da urteko lehen Osoko Bilkura.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!