Urteko langabezia tasa txikiena eta handiena erregistratu dira azken bi hilabeteotan Oñatin

Iazko irailaz geroztik % 6aren azpitik dago herriko langabezia tasa, eta azken hilabetean ere hala mantendu da, ozta-ozta, % 5,98ko tasarekin amaitu baitzen abuztua. Beste era batera esanda, urteko tasarik handiena erregistratu zen. Datua bereziki deigarria da, hilabete lehenago, urteko tasarik txikiena eman zelako, % 5,32. Uztailetik abuztura 36 langabe gehiago zenbatu dira gure herrian, pandemia lehertu zen 2020ko martxoa-apirilaz geroztik ikusten ez zen hazkunde handia. Ohikoa izaten da uztailetik abuztura langabe kopuruak gora egitea baina ez aurten gertatu den maila esanguratsuan, urteko gutxienekotik gehienekora salto egin baitu hilabete bakarrean. Arrazoia, neurri batean, uztailaren 18an amaitu ziren udaleku irekiak, uda kanpaina eta arte udalekuak, ia 100 gazte aritu zirelako begirale lanetan.
Langabeen adina eta sexuari erreparatuta, adin guztietako emakumezkoen artean gehitu da langabeen kopurua, eta 25 eta 44 urte arteko gizonezkoen artean. Baina lan gabe dauden emakumeen artean handitu da, bereziki, uztailean baino 33 emakume gehiago erregistratu zirelako abuztu akaberan. Horrek, lanik ez duten gizon eta emakumeen aldea hiru puntu eta laurden handitzea eragin du, emakumeen kalterako. Hala ere, eta iazko abuztuko datuekin alderatuta, Oñatiko langabezia-egoera hobea da egun, 13 langabe gutxiago zenbatu direlako. Herriko langabezia tasa puntu laurden handiagoa zen iazko abezutuan.
Debagoienako datuei erreparatuta, Oñatin bezala, inguruko herrietan ere langabe kopurua handitu egin da azken hilabetean, berdin mantendu den Elgetan izan ezik. Debagoienean, 158 langabe gehiago zenbatu dira azken hilabetean eta tasak puntu erdi egin du gora. Hego Euskal Herria mailan ere enplegu galera esanguratsua izan da abuztuan 4.000 langabe gehiago eta 17.145 afiliatu gutxiago zenbatu direlako. Kasu honetan, hezkuntza sektoreko langile askoren bajak kontutan hartu behar dira, udako oporrekin batera kontratu etena izaten dutelako akademia, jangela eta ordezko irakasle askok.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!