Oñatiko udala

Urteko indusketa kanpainan murgilduta daude Jaturabe IX koban EHUko ikerlariak

2026/07/13
Card image cap
Haitzeraino iristea da helburua

  Pasa den astean itzuli ziren EHUko ikerlariak Jaturabe IX deritzon kobara. Bi astez luzatuko den kanpainan 9 ikerlari ari dira, Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta zuzendariek gidatuta. Biak 2018an iritsi ziren Araotzera eta orduan ekin zioten Jaturabe IX ikertzeari.

  Aurreko kanpainetako indusketa lanetan Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsi ziren eta orain 40.000 urte baino lehenagoko geruzetara. Aurtengo helburua sakondu eta antzinagoko mailetara iristea da. Azken helburua harkaitzeraino iristea da baina urteak daramatzate horretan, izan ere, zenbat lur dagoen ez dakite, ondorioz, historiaurreko zein garairaino iritsi ahal izango duten ere zalantza da. Araotzeko bailaran eta Oñatin orain arte aurkitu diren aztarnarik zaharrenak Jaturabe IX kobatik atera direla azpimarratzekoa da; gure espeziearen aurrekoari dagozkio, homo neanderthalensis-ek utzitakoak dira. Baina inguruan industu gabeko hainbat koba daude eta aztarna zaharragorik aurkitu daitekeenik ezin da baztertu.

  Jaturabe IX izenez ezagutzen den koban orain arte egin diren lanen ondorio gisa esan daiteke, aitzuloa ez zela etengabeko asentamendua izan, tarteka bai hainbat taldek bizileku moduan erabili zuten baina ez modu jarraian. Hori, orain arte topatu den materialak utzi du agerian, ez baita maila guztietan eta maiztasun beraz agertu. Zeramika puskak eta Paleolito garaiko beste material batzuk topatu dira, baina ez jarraian dauden geruzetan, esan bezala. Jaturabe IX koba bereziki oparoa gertatzen ari da industria litikoan, hau da, harrian landutako lanabes eta bestelako aztarnetan.

  Jakina da Debagoiena Paleolito garaiko autopista zela, ohiko pasabidea zela. Arrasateko Lezetxiki eta Labeko koba dira horren lekuko. Eta zergatik ez bailara horrekiko paraleloa den Araotzeko bailara?
Jaturabe IX koban egiten ari diren lanok EHUk eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!