Oñatiko udala

Urtebetez luzatu da etxez etxeko laguntza zerbitzua emateko kontratua EULEN enpresarekin

2021/07/06
Card image cap
2022an zerbitzua esleitzeko prozesua osatu beharko du Udalak

  2018ko uztailean erabaki zuen Udalak Eulen Servicios Sociosanitarios enpresari esleitzea etxez etxeko laguntza zerbitzua. Kontratuaren iraupena bi urtekoa izango zela zehaztu zen baina beste bi epealditan luzatzeko aukera jaso zen, beti ere, lau urteko muga finkatuta. 2020ko irailaren 30ean amaitu zen lehen kontratu hori beste urtebetez luzatzea erabaki zen iaz eta beste horrenbeste egin berri da. Bigarren eta azken kontratu luzapen hau 2022ko irailaren 30era arte izango da. Bitartean, 2022an zehar, zerbitzua esleitzeko prozedura bete beharko du Udalak.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta norberaren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.

  2020an 88 familiak eta 100 erabiltzailek jaso zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua: 13 elbarrituak ziren, 14 menpekotasun handia zutenak eta beste 54 maila txikiagoko menpekotasuna zutenak. Erabiltzaile guztien oinarrizko beharrak betetzeko 29.433 zerbitzu-ordu eman ziren, aurreko urtekoaren paretsu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!