Urtebetez luzatu da adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren kontratua
Mendekotasun arriskuan edo menpekotasun arin bat izan arren bizimodu autonomoa egiteko gai diren adineko pertsonei zuzendutako zerbitzua da eguneko arretarena. 2023an jarri zen martxan, bi urterako kontratua Lahar elkargoak enpresarekin sinatuta; iaz lehen aldiz, eta berriki bigarrenez, kontratua urte batez luzatzea erabaki da.
Adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuaren bi erabiltzaile talde daude, bizilekuaren arabera: hiru Eltziako Lagun Lekura joaten dira eta lau San Juan kaleko Pake Lekura. Astean birritan joaten dira eta egunean bi orduko jarduna osatzen dute. Gaitasun kognitibo eta fisikoak lantzen dira zerbitzuan, herritarren bizi-kalitateari eta ongizate mailari eusteko helburuz.
Eguneko jardunean ariketa eta ekintza arinak egiten dira, modu atseginean. Eguneroko bizitza antolatzeko jarraibide edo laguntza ere ematen da. Askotarikoak egiten dituzte: eguneroko gaien inguruko elkarrizketak, memoria lantzeko ariketak, trebakuntza digitalari edota bizitza aktiboari loturikoak, besteak beste.
Erabiltzailtzeek duten autonomiari eutsi, ohiko ingurunean mantendu, menpekotasun egoerak saihestu, atzeratu edo garapena moteldu, aktibo mantendu, dituzten gaitasun pertsonalak landu eta harreman-sareari eusteko xedea du eguneko arreta zerbitzuak. Finean, osasun fisiko, kognitibo, emozional eta sozialean eragiten, erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzeko. 2023tik eskaintzen den zerbitzuak dituen emaitza positiboak kontutan hartuta erabaki da apirilarekin amaitu zen kontratua beste urtebetez luzatzea, hau da, 2027ko apirilaren 30era arte.
Egun martxan diren bi taldeetan lekua dago. Zerbitzua ezagutu eta parte hartzeko interesa izan dezaketen herritarrek udaleko ongizate zerbitzura jo behar dute.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!