Urtarrilean hasiko dira Sancti Sprititus unibertstiatea birgaitzeko lehen faseko lanak
Sancti Spiritus unibertsitateko kanpoko eta klaustroko fatxadak eta teilatua zaharberrituko dira lehen fase honetan, nagusiki. Bi esleipen prozesu burutu behar izan ditu Foru Aldundiak, lehenera ez baitzen inor aurkeztu. Aurrekontua jasota deitu zen bigarrenera hiru enpresa presentatu ziren eta TEUSA Técnicas de Restauración S.A.ri esleitu berri zaizkio lanak, 2.204.211 eurotan. Lanak burutzeko epea, berriz, bederatzi hilabatekoa da eta urtarrilean hasiko direla jakinarazi dute Aldunditik. Bi dira unibertsitate zaharrean egoitza duten erakundeak: IVAPeko argitalpen zerbitzua eta Nazioarteko Lege Soziologia Institutua. Zaharberritze lanok egin bitartean Ibarra Zelaiko artxibo historikoaren eraikinean kokatuko dira, behin behinean. Leku-aldatze lanetan aritu dira azken egun hauetan.
Unibertsitate zaharrean egingo diren lanen oinarria Tabuenca & Leache arquitectos enpresak osatutako proiektua da. Horren arabera, eraikinaren kanpoko eta klaustroko fatxadetako harlangaitza luzituko da; kolore argiko morterozko geruzekin emokatuko da, harria erabat estali gabe eta harlanduzko elementuak nabarmentzeko helburuarekin. Azkenik, hidrofugatzailea aplikatuko da, fatxadak babesteko. Beste lan batzuk ere egingo dira: kamera bufoaren azterketa, gargolen errebisioa, klaustroan erdi ezkutuan dagoen erretenaren errebisioa eta estalkia zaharberritzea. Kasu honetan estalkiko materiala desmuntatu eta birmuntatzea proposatzen da. Era berean, eraikinaren egurrezko bi ateak zaharberrituko dira eta udan tximistak lehertu zuen pilastroiaren eskulturari dagokionez, pieza berri bat egin eta jarriko da.
Baina beste lan batzuk ere egingo dira unibertsitate zaharrean bigarren fasean: igogailua jarri eta turismo bulegoa izango dena egokitzea. Lanon esleipena ere Diputazioak egingo du eta prozesua datozen asteetan abiatzea espero dute udal arduradunek. Izan ere, Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzeko lanetarako 3 milioi euro inguru jaso baitziren Europako Next Generation funtsetatik eta horiek zuritzeko epemuga oso zorrotza da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!