Urtarrilaren 25a arteko epea dago Jabetze Eskolaren negu-udaberriko ikastaroetan izena emateko
Gaur ireki da Emakumeentzako Jabetze Eskolaren baitan negu-udaberriko tailer eta ikastaroetan izena emateko epea. Berritasuna, 9-14 urte bitarteko nerabeentzat antolatu den hilerokoa ezagutzeko tailerra eta neska gazteentzako Twerk ikastaroa. Biak egun bakarreko saioak izango dira. Egun bakarrekoak, baita ere, Irrintzi ikastaroa, amatasunak eta feminismoak tailerra, ama diren emakumeentzako arte-terapia tailerra eta hariak, jostorratzak eta zauriak izeneko ipuin kontaketa saioa. Ipuin kontaketa herritar guztiei zuzenduta dago eta berdin familiaren ongizate emozionala eta no en mi nombre: islamofobia en nombre del feminismo hitzaldiak. Ipuin kontaketa saiorako eta hitzaldietarako ez dago izena eman beharrik, ikastaro eta tailerretan, bai.
Izena eman beharko da baita ere hainbat saioetan burutuko diren beste ikastaro luzeagotan parte hartzeko. Orain arteko partaideek hala eskatuta luzatu egin da salsa batxata kuir ikastaroa eta otsailean eta martxoan ere saio bana egingo dira eta berdin konektatu zure buruarekin eta hartu arnasa ikastaroaren kasuan. Hau hamabostero, asteartetan izaten da eta jarraipena izango du martxoaren 21era arte. Udazkenean hasi eta ikasturte osorako martxan diren Emakumeak mugimenduan ikastaroak, Feminismoaren ertzetatik irakurle taldeak eta kakorratza lana, arimako korapiloak askatzen taldeak ere aurrera jarraitzen dute eta partaide berrientzat irekita daude. Irekia da bestalde, eta edonoiz batzeko aukera eskainiz, amatasunean bidelagun taldea. Hamabostean behin eta asteartetan elkartzen dira. Azkenik, udazkenean eskaini zen Gure baratzan burujabe ikastaroa orain, otsaila amaieran hasiko da. 7 lagunek ikastaroa egiteko asmoa azaldu zuten eta dinamizatzaileak prestatuta, otsailaren 25ean abiatuko da.
Negu-udaberriko egitarauaren berri zehatza udaleko web atarian zintzilikatu du Berdintasuna departamentuak eta izena ere bertatik, www.oñati.eus ataritik eman behar da, gaur hasi eta urtarrilaren 25a bitartean. Saioek irauten duten bitartean zaintza zerbitzua izango da, hala eskatzen dutenentzat. Eskaera, astebeteko aurrerapenez eskatu beharko da, gutxienez. Edozein zalantza argitzeko Berdintasun departamentura jo daiteke: bertsintasuna@onati.eus edo 688 785 247.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!