Urrutxun atletismo pista eta bestelako ekipazioak faseka gauzatzea aurreikusten du gobernu taldeak

2022/12/01
Card image cap
Aurrez, zabortegiaren zigilatze lanen bigarren fasea osatu beharko da

  Urrutxun atletismo pista egiteko azterlanaren emaitza aurkeztu da. Dagoeneko zigilatuta dagoen zabortegiaren zatian egokituko liratekeen atletismo pistaz gain, beste kirol praktika batzuetarako ekipazioa, aterpea, harmailak eta bestelako instalazioak egitea aurreikusten da. Chocarro arkitekto taldeak osatu duen proiektuaren arabera, Urrutxuko kirol instalazioak 2 milioi eta 743 mila euroko aurrekontua luke.

  Proiektua faseka egin daitekeela uste du gobernu taldeak eta hori lehenetsi du. Lehen fasean, lau kaleko tartanezko pista eta luzera jauzia egiteko gunea eraikiko litzateke. Kanpoaldean kanpo nahiz barrukaldean hormigoizko beste pista bana izango luke, berotu, oinez edo patinetan ibiltzeko. Lehen fase honen aurrekontua 1,3 milioi euro litzateke.

  Beste bi fasetan pistek osatuko luketen eraztunaren barrualdean beste kirol batzuetarako ekipamenduak, harmailak, aterpea eta abar egitea aurreikusten da. Barruko ekipamendu hori zehazteko dago oraindik baina bizikletan edota patinetan trebatzeko zirkuitu modukoa izan litekeela adierazi dute udal gobernu taldeko kideek.

  Nolanahi ere, ezertan hasi aurretik, zabortegiaren zigilatze lanak guztiz amaitu behar dira. Atletismo pista joango den gunea guztiz zigilatuta dago baina bigarren fasea egiteko dago. Horretarako bi milioi euro beharko direla kalkulatzen da eta dagoeneko milioi bat gordeta du Udalak. Gainontzekoa, 2022ko udal aurrekontuen gerakinetik atera litekeela uste dute, baina likidazioa egindakoan ikusiko da. Ingurumen ikuspegitik ezinbestekoak diren zigilatze lanak 2023an egingo dira eta baimena eta finantzazioa lortuz gero, aldi berean, edo bestela ondoren, atletismo pistak egiten hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!