Oñatiko udala

0-7 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzendutako espazioa Euskaltegian irekiko da, ostiralean

2026/11/17
Card image cap
Gaztelekuko sotoa guztiz egokitu bitartean erabiliko den behin behineko espazioa izango da

  Gaztelekuko egitura indartzeko lanak egin dira sotoan eta 0-7 urte bitarteko haurrei eta familiei zuzendutako espazioa itxita dago, Aste Santuaz geroztik. Baina negua, egun euritsu eta hotzak badatoz, eta espazio babestu baten beharra begi bistakoa da. Bidebarrieta kalean dagoen Euskaltegiko espazioa hutsik dago une honetan, eta bi gela handienak hartuta, 0-7 urte bitarteko haurrentzat behin behinean egokitzea erabaki du Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak.

  Gaztelekuko sotoan egin beharreko egonkortze lanak amaitu dira baina espazioa berrantolatzeko aukera aprobetxatu nahi da. Zoru goxoa jarri eta altzariak moldatuko dira, haur txikienentzat, eta familientzat, gune atseginagoa prestatzeko. Gaztelekuko instalazioan, materialean eta espazioen antolaketan egin daitezkeen hobekuntzak aztertzen ari dira, haurren beharrei ahalik eta modu egokienean erantzuteko. Baina egokitze lan horiek egin bitartean Bidebarrietan dagoen Euskaltegiko espazioa irekiko zaie ostiralean, azaroaren 20an.

  Euskaltegiko behin behineko espazio honek Sotoko funtzioak beteko ditu eta zerbitzuaren ohiko funtzionamenduarekin jarraituko du: haurrak adinez nagusi den heldu baten ardurapean eta laguntzarekin egon beharko du beti; heldu horien ardura izango da espazioaren erabilera egokia eta errespetuzko elkarbizitza bermatzea; espazioaren helburua da, batetik, eguraldi txarra egiten duenean babesteko eta egoteko leku egokia eskaintzea herriko haurrei, eta, bestetik, haurren eta haiekin dauden helduen arteko interakzioa eta jolasa sustatzea. Euskaltegian ez da Gaztelekuko hezitzailerik izango, Sotoan egoten ez ziren bezala, eta espazioa ireki eta ixtera soilik joango dira. Edonola ere, bertan gertatutako edozein gorabeheraren berri eman edo horri buruzko erreferentzia behar izanez gero Gaztelekua izango da harremanetarako gunea. Ordutegiari dagokionean ere, Sotoak zuen ordutegia mantenduko da: asteartetik igandera, 17:00etatik 20:00etara.

  Euskaltegiko espazioa egokitzen ari dira, Sotoko materiala bertara eramaten, eta ostiralean irekiko dira bertako ateak. Bidebarrieta 18ko lokaleko bi gela handienetan jarriko da materiala, 0-3 eta 4-7 urte guneak bereiztuz, eta sarreratik ezkerretara dauden bi gela txikietan haurren karroak eta bestelakoak gorde ahal izango dira. Komunak ere erabilgarri egongo dira. Behin behineko espazio aldaketa hau aste batzuetako kontua izango da, Sotoko egokitze eta berritze lanak burutu arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!