Tabernetan euskaraz egitera animatzeko kanpaina abiatuko da bihar Debagoienean
Zuk eskatu, nik ulertzen dut Debagoieneko tabernetan euskaraz eskatzera animatzeko ekimena da. Sarritan erdarara jotzen da, tabernan ulertuko ote diguten zalantzan edo erreparoz. Kanpaina honekin, ordea, tabernariek argi utzi nahi dute mezua: euskaraz ulertzen dutela. Kanpaina bihar abiatuko da eta abenduaren 15era arte luzatuko da. Parte hartzeak gainera, saria dauka, amaieran, parte hartu eta txartela betetzen dutenen artean zozketa egingo baita. Sari nagusia, 400 euroko asteburu pasa edo esperientzia bat izango da eta 30 euroko 10 kontsumo bonu ere banatuko dira, kanpainara atxikitako tabernetan gastatzeko.
Debagoeieneko Mankomunitateak, eskualdeko zortzi udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako kanpainarekin bat egin dute Oñatiko 16 tabernek. Oñatikoen antzera, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Bergara, Elgeta eta Antzuolako hainbat tabernek bat egin dute kanpainarekin. Guztietan euskaraz eskatutakoan tragoa ez ezik, zozketan parte hartzeko txartela emango diote bezeroari. Izen-abizenak, telefonoa eta posta elektronikoa idatzita tabernan bertan egongo den kutxan sartu besterik ez da egin beharko. Zozketa, abenduaren 18an egingo da eta irabazleen zerrenda Debagoieneko Mankomunitateko web atarian argitaratuko da.
Zuk eskatu, nik ulertzen dut kanpaina girotzeko, gainera, kale animazioa eta photocalla izango dira, pintxo-pote garaian. Bi aktore ibiliko dira tabernetan eta kalean, umorea eta inprobisazioa lagun, jendea euskaraz eskatzera animatzen. Oñatin datorren astean, azaroaren 26an eta Atzeko kalean izango dira, 19:00etatik aurrera.
Oñatin lau herritarretatik hiruk euskaraz dakien arren, erabilera txikiagoa da tabernetan eskatzerakoan, nahiz eta zerbitzariak ulertu-ulertzen duen. Kanpainarekin bat eginda, euskararen aldeko jarrera aktibo hori hartu dute herriko tabernariek, euskaraz lasai eskatu dadin, ulertu, esan bezala, ulertzen dutelako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!