Oñatiko udala

Oñatiko 9 odol-emailek elkartearen esker ona eta agiria jasoko dute ostiralean

2026/11/17
Card image cap
Iazko ekitaldian aitortu ziren odol-emaileak
Urteroko aitortza ekitaldia izango da

  Ia ohitura bihurtu da, azaroko odol-ateraldien egunean odola hainbat aldiz eman duten herritarrei aitortza egingo zaie. Ostiraleko hitzordua probestuko da Oñatiko 9 laguni eskerrak emateko. Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusi agiriak banatzen dira. 2025eko amaiera bitarteko kopuruak gogoan, herriko 9 odol-emaile omenduko dira, ostiralean. 4k odola 25 aldiz eman dute eta zilarrezko domina jasoko dute. Odola 40 edo 50 aldiz eman eta gero, emakumezko batek eta hiru gizonezkok urrezkoa jasoko dute. Eta azpimarratzekoa da odola 100 aldiz eman duen gizonezko bat ere sarituko dela. Urteetan erakutsitako fideltasun eta eskuzabaltasuna eskertuko zaie ostiralean, 18:00etan, Enpresagintza fakultatean.

  Odola aldian behin ematen jarraitzea garrantzitsua da, beharra, egunero dagoelako. Euskadin, egunean, 300 bat odol poltsa behar dira. Eta zailtasunak zailtasun, gutxieneko erreserba mantentzea lortzen da herririk herri egiten diren odol-ateraldietara doazen emaileei esker. 18 eta 65 urte arteko edonor izan daiteke odol-emaile, 50 kilo baino gehiago pisatzen baditu, eta osasuntsu badago. Hori ziurtatzeko osasun elkarrizketa egiten da eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da odola eman aurretik.

  Azken urteetan plasma-emateak bereziki sustatzen ari dira odol-emaileen elkarteetatik. Plasma odolaren osagairik arinena da eta egun erabilera anitz eta ugaria duten deribatuak eskuratzeko aukera ematen du. Plasma, gainera, odola baino sarriago eman daiteke. Baina horretarako Arrasatera edo beste lekuren batetara joan behar da.

  Oñatira etorri, odola ateratzeko taldea etortzen da, hilean behin. Hurrengo emanaldia ostiralean izango da, 16:30-20:30tara Enpresagintza fakultatean. Bertaratzeko asmoa dutenek txanda hartu dezakete jada www.gotatanta.eus web atarian sartuta. Omenduko diren 9 odol-emaileei, berriz, gonbidapen mezuak bidali zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!