Oñatiko udala

Urriaren 7an parrokia itxiko da, lau bat hilabetez

2025/10/02
Card image cap
Argiteria aldatu, erretaula garbitu eta zorua bernizatzeko lanak egingo dira

  Mikel Goiaingeruaren parrokia argiztatzeko fokuak aldatu beharrak eragin du, nagusiki, datozen hilabeteotan egingo diren lanak eta eraikina itxi beharra. Herriko eliza nagusia argiztatzen duten fokuak oso altu daude eta matxuratutako argiren bat aldatzea arazo bihurtzen da. Gainera, daukan argi orokor indartsuak xehetasunak ikustea galarazten du. Konponbide bila eraikin historikoen argiztatzean aditua den ingeniari batengana jo zuten parrokiako arduradunek eta egungo sistema guztiz berritzeko proposamena jaso zuten; argi fokoen kokapena aldatuko da, maila baxuagora ekarriz, eta luminaria bereziak jarriko dira, erretaulak eta elizak dituzten intereseko elementu artistikoetara argia bideratuz. Argiztatze kontzeptu berria dela adierazi digu Horazio Argarate parrokoak, argi-ilunekin jolastuz, xehetasunak agirian jartzea baita helburua. Mikel Goiaingeruaren parrokian ari den ingeniaria aditua da era horretako lanetan, aurrez, Santiago de Compostelan eta Bartzelonako Sagrada Familian aritu da.

  Argiteria proposamen berriak beste arazo bat bistaratu du: erretaularen zikina, hautsak guztia estaltzen baitu. Hori ere konponduko da datozen asteotan. Zaharberritze lanetan aritzen den Xabier Mendizabalengana jo da eta erretaulako hautsa garbitzeko enkargua egin zaio. Lanak borobiltzeko, bestalde, parrokiako zorua lixatu eta bernizatuko da, apurtuta duden oholak aldatzearekin batera. Bide batez, bankuen egoera aztertuko da, eliza hustutzeko klaustrora eramango direla probestuz.

  Lanen ezaugarriak kontutan hartuta faseka egitea erabaki da, eta horrek denbora luzatuko du, lau bat hilabete beharko direla kalkulatzen da. Herriko jai nagusiak pasata, urriaren 7an hasiko dira eta, ondo bidean, otsaila inguruan amaituko dira. Bitartean parrokia itxita mantenduko da. Hiletak Agustinoetan egingo dira eta asteburuko elizkizunak ere Jesusen Bihotzaren elizan ospatuko dira, parrokiako ordutegian, hau da, larunbat arratsaldetan 19:00etan eta igandetako meza nagusia, 12:00etan. Orain hiru urte ere antzerako erabakia hartu zen, xilofagoen kontrako tratamendua emateko parrokia hilabetez itxi zenean. Lanek 200.000 euro pasako aurrekontua dute. Udalari dirulaguntza eskatuko zaio eta klaustroko teilatua berritzeko herritarren artean iaz egin zen kanpainan bildutako diru gerakina hartara bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!