Oñatiko udala

Urriaren 3ra arte luzatu da Eltzia taberna-kafetegia ustiatzeko proposamenak egiteko epea

2025/09/23
Card image cap
Prozeduraren konplexutasuna kontutan hartu da

  Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko prozesura aurkeztu nahi dutenek proposamena online erregistratu behar dute. Prozedura konplexua da, dokumentuak atxikitze hutsetik haratago doa, eta horrek, azken orduan ibili diren hainbat lagun atzera bota izanaren ustea dute udal arduradunek. Horregatik, proposamenak aurkezteko epea luzatzea erabaki da. San Migel jaiak ere ate joka ditugu eta, ondorioz, urriaren 3a finkatu da proposamenak erregistratzeko data berri gisa.

  Proposamenak EAEren kontratazio ataritik egin behar da. Plataformak bere konplexutasuna dauka, sarrera ez baita automatikoa, erregistratzea eta baimen bat eskuratzea eskatzen du, eta hurrengo urratsak ere ez dira guztiz intuitiboak. Sarritan erabiltzen duten enpresek ezagutzen dute baina ez partikularrek edo kudeatzaile txikiek. Udaleko teknikariak laguntzeko prest daude; zailtasunen bat duten interesatuak udalarekin harremanetan jarri daitezke, HAZ zerbitzuaren bitartez, eta kontratazio arloko teknikariak prozesuan gidatzen saiatuko dira. Irailaren 12an egin ziren bisitetara balizko sei kudeatzaile hurbildu ziren.

  Eltzia taberna-kafetegia ustiatzeko Udalak finkatu duen emakida kanona 200 euro gehi BEZa da, hileko. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzeko irizpide nagusia. Beste arlo batzuk ere baloratuko dira: esleipendunaren eta lan taldearen lan esperientzia, gutxieneko lan taldearen lan gaitasuna, ordutegia eta egutegia hobetzeko proposamenak, lan taldearen organigrama eta, bereziki, zerbitzuen antolaketari buruzko lan plana. Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia finkatu du udalak; asteartetik igandera ireki beharko da: asteartetik ostiralera lau orduz, larunbatetan 8 orduz eta igandetan 6 orduz. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua da. Kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek, bezeroarekin zuzenean ari direnek, euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Idatzizko oharrak elebitan jarri beharko dira, euskarari lehentasuna emanez. Plegu tekniko eta administratiboa udaleko web atarian zintzilikatuta dago, interesa dutenek aztertu ditzaten. 

  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!