Oñatiko udala

Urriaren 1ean hasiko da zaintza arloko prestakuntza saioa Olaburu zentroan

2025/09/12
Card image cap
Izena eman dutenen hautaketa egiten ari dira teknikoak

  58 lagunek eman dute izena Oñatin eta Aretxabaletan egingo diren arreta sozio-sanitario arloko prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko. Horietako 24 oñatiarrak dira. Dauden plazak, ordea, gutxiago dira, 30 guztira, ondorioz, hautaketa egin beharko da eta horretan ari dira teknikoak aste honetan; Oñati eta Aretxabaletako taldeak ahalik eta orekatuen izatea lortu nahi da, kontutan hartuta, langabezian daudenek eta atzerritartasun-egoera erregulatuta dutenak lehenetsiko direla. Izena eman duten guztiei deituko zaie onartuak izan diren ala ez jakinarazteko.

  Elkar-EKIN Lanean Debagoienaren baitan antolatu diren zaintza arloko prestakuntza ikastaro hauek bi helburu nagusi dituzte: formakuntza eta laneratzea. Are gehiago zehaztuz, ikastaroa hasten dutenen % 75ak guztiz osatzea eta formakuntza amaitzen dutenen % 15a laneratzea dira ikastaroen helburu nagusiak. Hori gogoan hartuko da, baita ere, burutzen ari diren hautaketa prozesuan.

  Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta emateko ikastaroa da Oñatin eta Aretxabaletan emango dena. Gurean, Bastida akademiak emango du Zubillagako Olaburu zentroan, urriaren 1ean hasi eta urtebeteko epean. 510 orduko formazio teoriko- praktikoa izango da eta zaintza lanetan aritzeko 2. mailako profesionaltasun ziurtagiri ofiziala jasoko dute formakuntza guztiz osatzen dutenek. Lehen bi asteetan aurre prestakuntza egingo dute ikasleek, guztiek oinarri berbera dutela eta prozesua arrakastaz burutuko dutela ziurtatzeko.

  Elkar EKIN Lanean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea sustatzeko dinamika da. Debagoienean bederatzi ikastaro antolatu dira, zaintza arlokoez gain, zerbitzu eta industrial arlokoak ere egingo direlarik: Aretxabaletan bertan, esaterako, MIG-MAG soldadura; Bergaran, instalazio elektrikoak eta Arrasaten, biltegi lanak, sukaldaritza, eraikuntzako mantenu lanak, mendi lanak eta garbiketa arloko ikastaroak. Zaintza, soldadura eta instalazio elektrikoak ikastaroak burututa, erdi mailako lanbide zikloaren pareko titulazio ofiziala eskuratuko dute ikasleek; beste bost ikastaroak oinarrizko mailakoak izango dira. Izen-ematea zabalik dago, zaintza arlokoetan izan ezik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!