Oñatiko udala

Urrezko zozketarako txartelak saltzen hasi da Debagoieneko Gurutze Gorria

2025/06/04
Card image cap
“Gurutze Gorriaren diru bilketa handiena da eta erakundearen lana babesten du”

  Hala esan du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak. Elorregiko egoitzan ez ezik, eskualdeko 150 establezimendu eta enpresa baino gehiagotan eskuratu daitezke urrezko zozketarako txartelak.

  Uztailaren 23an Valladoliden egingo da Gurutze Gorriaren Urrezko zozketa. Bitartean, zozketarako txartelak erosi ahal izango dira bailarako hainbat denda, taberna eta jatetxe laguntzailetan, baita Gurutze Gorriko boluntario sarearen bidez ere. Urrezko zozketa finantzazio iturri garrantzitsua da Debagoieneko Gurutze Gorriarentzat, eta lortutako funtsak San Prudentzion duen ibilgailu-flotaren ekipamendua mantendu eta hobetzeko erabiliko dira, baita gizarte proiektuetarako ere. 800 pertsona baino gehiago artatu zituen Gurutze Gorriak iaz Debagoienean, gehienbat zailtasun sozialekin, ekonomikoekin eta bakardadearekin lotutako beharrengatik.

  Zozketan 7 milioi euro baino gehiago banatuko dira saritan; lehen saria 3 milioi eurokoa izango da, bigarrena milioi batekoa, hirugarrena 500 mila eurokoa, eta beste milaka sari egongo dira 50 euro eta 2.000 euro artean. Sariak dirutan edo urrezko lingoteetan kobratu ahal izango dira.

  Urrezko zozketaren berri ematearekin batera, Debagoieneko Gurutze Gorriak publikoki eskerrak eman nahi dizkie igandean, ekainaren 1ean, Ate Irekien Egunean, San Prudentzioko egoitzara hurbildu ziren bazkide, boluntario eta herritar guztiei; erakundearen instalazioak, baliabide materialak eta giza baliabideak ezagutzeko aukera izan zuten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!