Urrexola auzoko ur hornidura sarearen azterketa egingo da

Urrexolako hainbat baserrik duten ur arazoa ez da berria, 90. hamarkadan jada hornidura hobetzeko lanen exekuzio proiektu bat idatzi zen, nonbait. Ur hornidura oinarrizko zerbitzua da eta lehorte garaian Urrexolan izaten den ur faltari irtenbidea eman nahi dio Udalak, Arantzazun egin zuen bezala. Horretarako, sarearen azterketa kontratatu du Asmatu SL enpresarekin.
Auzoko egungo ur-hornidura azpiegituraren altxaera egingo da, trazatua, hoditeria eta elementuen ezaugarri zehatzak jasoz; 90. hamarkadan idatzitako exekuzio proiektuak aztertu eta egungo egoerarekin aldaratuko dira; eta, oinarrizko mailan, hobekuntzak proposatuko dira, alternatiba ezberdinak baloratuta, memoria eta aurrekontuarekin. Lana bi hilabeteko epean burutu beharko da.
Urrexola malda handiko auzoa da, okupatutako baserriak gutxi dira eta oso sakabanatuta daude. Horrek, ur hornidura zailtzen du.
Orain bi urte Arantzazuko ur hornidura osoa udal sarean sartu zen, Goiko Bentako eta Azpilletako ur deposituak lotuta. Horrela Azpilletako ur sareaz baliatzen ziren erabiltzaileek urteetan izandako ur kalitate arazoa konpondu zen. Lanak, Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak erdi eta erdi ordaindu zituzten . Urrexolako hornidura arazoa konpontzeko zein formula erabiliko den ikusteko dago. Oraingoz, egungo egoeraren azterketa eginda, konponbide aukerak zehaztuko dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!