Oñatiko udala

Urgain herri eskolako jolasgunea berritzeko azken lanak egiten hasi dira, gaur

2025/07/14
Card image cap
Jolas elementuak eta altzariak jarriko dira, nagusiki

  Ekopaisaia enpresak egingo ditu Urgain eskolako jolasgunea berritzen amaitzeko lanak, Lur Paisajistak enpresak eguneratutako proiektuaren arabera. Aurrekontuaren zatirik handiena, jolas elementu eta altzariek eramango dute baina horiek jarri aurretik sortu diren bi ur emarietako urak batu eta bideratuko dira, jolas eremuan txertatu zen lur sailaren goiko aldean segurtasun itxitura hesia egin, urmaelean itxitura sendoagoak jarri eta ate berri bat egokituko da saskibaloi kantxaren aldameneko hesian.

  Lanak egiteko 12 asteko epean burutzea espero da, beraz, ikasturtea hasi berritan bukatuko dira. Tarte horretan, eta gaurdanik, jada, jolasgunea itxita egongo da. Izan ere, Urgaineko jolasgunea ikastetxeak erabiltzen du, eskola egun eta ordutan, baina irekita egoten da gainontzeko tarteetan, auzotarrek eta herritarrek erabili dezaten.

  Enpresa bakarra aurkeztu zen lanak egiteko deialdira, Ekopaisaia SL, hain zuzen. Udalak jarritako baldintzak betetzen zituela ikusi ondoren, esleipena bere alde egitea onartu zen eta kontratua, uztailaren hasieran sinatu zen. Lanak, 148.440 eurotan egingo dira, udalak zehaztutako aurrekontua 21.561,77 eurotan merkatuta. Berme epea ere hobetu du, 5 urtera luzatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!