Urgain eskolako tailatua eraberritzea eta zerga ordenantzen genero inpaktua aztergai dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

Urgain eskolako teilatua zahartuta eta hondatuta dagoela ikusita eraberritu beharra duela ikusi da. Ezertan hasi aurretik eraberritze proiektua idazteko eta obraren zuzendaritza egiteko lanak kontratatzea proposatuko da gaur arratsaldeko gobernu batzarrean. Datorren astean, bestalde, Osoko Bilkura egingo da eta, ondo bidean, 2026ko udal ordenantza fiskalak onartzea proposatuko da, hau da, datorren urteko udal zerga eta tasak onartzea proposatuko da. Zerga ordenantzak genero ikuspegitik zein inpaktu duen jakin nahi du gobernu taldeak eta lan hori egingo duen enpresa kontratatzea aztertuko da gaurko bileran.
Baina arratsaldeko batzarrean ugarienak gazteen emantzipaziorako dirulaguntza eskaerak izango dira, 16 puntuko lan zerrendan 11 halakoak baitira. Orain bi aste, urriaren 11n amaitu zen etxebizitzen alokairurako gazteei eskaintzen zaizkien dirulaguntza hauek eskatzeko epea. Eskaera batzuk aztertu dira jada baina gehienak datozen asteetan bideratuko dira. Emantzipaziorako dirulaguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, Oñatin erroldatuta egon eta herrian bertan dagoen etxebizitza bat alokatuta dutenei zuzenduta daude. Gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua izan behar da eta alokairu prezioa edota eskatzailearen gehienezko diru sarrerak mugatuta daude oinarrietan. Beste baldintza batzuk ere badaude eta eskatzaileek horiek betetzen dituzten aztertuko da arratsaldeko bileran. 65.335 euroko diru-poltsa dago aurten etxea alokairuan duten gazteen karga arintzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!