Urgain Errekaldek “Eskola jasangarria” ziurtagiria jaso du

Busturiako Madariaga dorretxean egin zen ekitaldian parte hartu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek. Eurek banatu zizkieten Eskola jasangarria ziurtagiriak Eskolako Agenda 2030 programa osatu duten hogeita hamar ikastetxe publiko eta itunduri, tartean, Errekalde Herri Eskolari.
Ziurtagiriak Urgain-Errekaldek ingurumenarekiko duen konpromisoa adierazi eta aitortzen du, eta bereziki, azken urteetan egindako lana errekonozitzen du. Eskola agenda 2030aren baitan, ikasle, irakasle eta irakasle ez diren langileen jarrera jasangarriak landu eta sustatu dira, horretarako, eskola komunitate osoaren laguntza eta babesa izan dutelarik.
Eskola jasangarria ziurtagiria eskuratu ahal izateko kanpoko auditoria zorrotza gainditu dute, berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egin duten apustua saritu zaielarik. Ziurtagiria eskuratu dute baina hori helburua ez baizik eta jasangarritasunaren alde lanean jarraitzeko pizgarri izan behar du. Zentzu horretan lanean tinko jarraituko dute Urgain-Errekalde eskolan.
Herri eskola Eskola jasangarria ziurtagiria jasotzen duen herriko hirugarren ikastetxea da, Oñati institutuak 2015ean eta Txantxiku ikastolak 2019an eskuratu baitzuten.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!