Ur uhinak proiektua eta arte udalekuak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Urbycolan enpresak egingo ditu ur uhinak parkea eratzeko lanak. Gaurko tokiko gobernu batzarrean lanen osasun eta segurtasun plana aurkeztuko da. Plana onartuta, lanak astelehenean hasiko dira. Bihar jada, langileen aldagelak jarri eta materiala ekartzen hasiko dira eta lanak astelehenean hasiko dira, esan bezala.
Ur uhinak parkea Eltzia aurrealdeko berdegunean eratuko da. Horretarako Ugarkalde aldera zegoen auzo konpostgunea kendu da. Proiektuak inguruko aparkalekuei ere eragingo die, ur jolasgunea prestatzeko espaloia eta errepide zati bat hartuko baitira. Ondorioz, Eltzia aurrealdeko errepidearen aldeetara dauden aparkalekuak kendu egingo dira. Baina astelehenerako aipatu aparkalekuak garbi, auto edo autokarabanik gabe egon beharko direla jakinarazi digu udaltzainburuak, izan ere, errepide inguru horretan hasiko baitira lanean. Aparkalekuak astelehen goizerako guztiz libre utzi beharko dira eta trafikoan ere aldaketa batzuk izango dira lehenengo 10 egunetan. San Lorentzoko errotondatik Ugarkalde aldera joateko errail bakarra izango da eta Ugarkaldetik San Lorentzora doazen ibilgailuak berriz, Eltziako aparkalekutik barrena bideratuko dira. Hori astelehenetik aurrera eta 10 egunetan zehar. Larrañako ur uhinak parkea eratzeko lanak egiteko hiru hilabeteko epea finkatu du udalak.
Argibide hauek arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean azalduko dira. Baina beste 28 gai ere aztertuko dira, lan zerrendan jaso denez. Tartean, Haurrak eta Gazteria batzordearen eskutik arte udalekuak aisialdi programa. Berritasun ugarirekin datoz aurtengo arte udalekuak: partaideen adin tartea zabaldu da, plaza kopurua pitin bat handitu da eta matrikula ordaindu beharko da.
Arte udalekuetan arte disziplina ezberdinak lantzen dira: marrazkigintza, eskultura, margogintza eta abar. Uztailaren 3tik 28ra izango dira aurten eta lehen hezkuntzako 3. mailatik DBH 3. mailara arteko haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Orain arte, LHko 6. mailakoak izaten ziren gazteenak. Adin tartea zabalduta, partaide kopurua ere pitin bat handitu da eta gehienez, 15 lagunek parte hartu ahal izango dute arte udalekuetan. Eta aurten lehenengo aldiz, matrikula ere ordaindu beharko da. Udaleku irekietan egiten denaren antzera, familia bereko partaide kopuruaren arabera matrikula kostua merkatuz joango da, lehenak 70 € ordainduz, bigarrenak 60, hirugarrenak, 50 eta laugarrenetik aurrera doan. Datorren asteartean irekiko da arte udaleku hauetan izena emateko epea.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!