124 lagun aurkeztu dira lau administrari eta HAZeko arduradun plazetara
Gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ikus daitezke zerrendak: hautaketa prozesura onartu eta baztertu direnen behin behineko zerrendak eta onartu direnen kasuan, eskatutako euskara maila agiri bidez ziurtatu duten ala ez eta zein lanpostutara aurkezten diran. 124 lagun izan dira guztira Udalak egindako lan eskaintza honetara presentatu direnak baina bat prozesutik kanpo utzi da, zein lanpostura aurkezten den ez zehazteagatik. Hasiera batetan onartu diren 123 hautagaietatik 122 administrari lanpostura aurkezten dira eta 66, berriz, HAZeko arduradun lanpostura, gainera, 114k eskatzen den C1 egiaztagiria edo baliokidea badutela erakutsi dute. Baina gaur argitaratu diren zerrenda hauek behin behinekoak dira eta 10 laneguneko epea dago erreklamazioak egiteko. Era berean, lau administrari eta HAZeko arduradun plaza horiek betetzeko hautaketa prozesua zuzenduko duen epaimahaiaren berri eman da gaur kaleratu den iragarkian.
2022, 2023, 2024 eta 2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzetan jaso zituen Udalak orain oposizio-lehiaketa irekiz bete asmo diren bost plaza horiek. Deialdi honen bidez bete nahi diren lau administrarietatik bi herritarrei arreta emateko zerbitzuan arituko dira, beste bat gizarte zerbitzuetan eta laugarrena kirol zerbitzuetan. Horrezaz gain, HAZeko arduradun plaza ere bete nahi da.
Udalak, bestalde, aldi baterako hiru lanpostu betetzeko deialdiak kaleratu zituen Lanbideren bitartez, eta kasu horietan, onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak, nahiz egiaztatutako merezimenduen balorazio puntuaketak argitaratu dira udaleko web atarian. Konkretuki, kale garbiketako pioi gidari, kultura sustatzaile eta lurralde antolaketako AOT lanpostuak dira aldi baterako beteko direnak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!