Geograma enpresak jarraituko du landa lursailen mugaketa lana egiten
Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzen dihardu Udalak. Oñatiko landa katastroa 28 poligonotan banatuta dago eta lehen bost poligonotako partzelen mugaketa egin ostean, 13 eta 14. poligonoei dagozkionak egingo dira. Lan horien zerbitzu-kontratua Geograma enpresarekin sinatu zen atzo, hau da, aurrekoen lana egin zuen enpresa berberarekin, eta Udalak deitu zuen prozesura aurkeztu zen bakarrarekin.
Olabarrieta auzoko lursailak hartzen dituzte13 eta 14. poligonoek. Ia 500 Ha-ko gunea da eta 434 lursail edo partzelen mugak errebisatuko dira. Horretarako, jabeen laguntza eta parte hartzea ezinbestekoa da, dituzten lursailen mugak eta mugarriak identifikatu eta mugakideekin adostu beharko direlako. Katastroa eguneratu egingo da eta beharrezkoa den kasuetan, zuzendu ere egingo da. Jabeen partaidetza borondatezkoa da, ez die inolako gastu ekonomikorik eragingo baina mugarriak aurkitu eta mugak garbitzea eskatuko zaie, dagokien jasotze topografikoa egin ahal izateko. Proiektua azaltzeko bilerak antolatu ohi dira jabeekin, baina orain esleitu den lan berriaren azalpena datorren urte hasieran egitea aurreikusten da, lehenik, 4. eta 5. poligonoetako lursailen mugaketa lana guztiz amaitu behar baita, sailen titularrei dagozkien karpetak banatuta. Datozen asteetan egitea aurreikusten da baina egunik ez da finkatu oraindik.
Geograma enpresa arabarrak 12 hilabeteko epea izango du esleitu berri zaion lana burutzeko,54.846 euroko aurrekontuarekin. Udalerriko landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeko lana luzea izango da, hainbat urtetan egingo dena, terrenoa zabala delako eta faseka egiten ari direlako. 2024an hasi zen eta lehen bost poligonoetako partzelen mugaketa egin da orduz geroztik. Guztira, Oñatiko landa katastroa 28 poligonotan banatuta dago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!