Oñatiko udala

Hondakinen prebentziorako astea antolatu du Natur Eskolak

2025/11/12
Card image cap
Tailerra, dokumental emanaldia, hitzaldia eta garbiketa auzolana egingo dira

  Natur Eskola herrira zabaldu eta eskolak berezkoa duen hausnarketa eta sentsibilizaziorako helburuan urrats berria eginez antolatu da hondakinen prebentziorako aste hau, Europa mailako ekimenaren baitan. Izan ere, hondakinak arazo handia bilakatu dira azken hamarkadetan eta herrialde, ingurune zein bizidun guztioi eragiten digu. Eta guri, herritarroi, maila handiagoan, arazoa pairatu ez ezik, sortu ere sortzen dugulako. Horregatik, hondakinen arazoa erdigunean jarri eta horren inguruko hausnarketa sustatzeko hainbat ekintza antolatu ditu Natur Eskolak, datorren asterako. Programazioa tailer praktiko batez hasiko da eta etxeko olioarekin xaboia egiten ikasi ahal izango da, astelehenean. Natur Eskolan bertan emango da tailerra, arratsaldeko 17:00etan hasita. Parte hartzeko interesa dutenei izena aurrez ematea eskatzen zaie, telefonoz, Natur Eskolara deituta: 943 71 64 04 zenbakira. Ostirala da izena emateko azken eguna. Sukaldean erabilitako olioa, litro batekin nahikoa da, herrikoa egiteko eskularruak eta litroko bi tetrabrik huts eta garbiak eramatea eskatzen zaie partaideei. Horrekin xaboi nola egin ikasiko dute.

  Asteartean, hilaren 18an, Un oceano de plastico Craig Leesonek zuzendutako dokumentala proiektatuko da Kultur etxean eta zine aretoan bertan, asteazkenean, plastikoa; eguneroko erosotasunaren atzean ezkutatzen den krisia hitzaldia emango du Izaskun Zoritak, AZTIko ikerlari eta EHUko irakasle denak. Dokumental emanaldia eta hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko dira. Azkenik, hilaren 22an, larunbatarekin, Leuzarrako hondakinen garbiketa egingo da auzolanean. Hitzordua plazan egin da, 9:00etan, eta autoak partekatuz Leuzarra koba ingurura igoko da. Ez da lehen aldia Leuzarra kobara botatako hondakinak garbitzeko auzolana egiten denik. Aurten eta hondakinen prebentziorako astearen baitan aurreko urteetako lanari jarraipena emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!