Ur txorroten parkea ekainaren 1ean irekiko da
Ur uhinen parkeko eta Usakoko bainu denboraldiaren hasiera batera egin izan da azken urteetan, eta hala pentsatuta zegoen aurten ere, ekainaren 21ean. Baina azken egunetako beroak ur txorroten parkea lehenago martxan jartzea eragin du eta astelehenetik aurrera erabilgarri egongo da. Ur txorroten instalazioa errebisatu da eta ur eta argindar hornidurak berrezarri dira. Ingurua txukuntzeko azken lanak egiten ari dira eta udako denboraldiak iraun bitarteko garbitasuna ere areagotuko da, berdegunean zein komunaren inguruetan. Dena prestatzen ari dira ekainaren 1etik aurrera ur uhinen parkea martxan jartzeko. Astelehenetik irailaren 6ra arte luzatuko da ur txorroten denboraldia aurten eta bitarte horretan instalazioak erabilgarri egongo dira, goizeko 11:00etatik gaueko 21:00etara.
Usakon, berriz, ekainaren 21an irekiko da bainu denboraldia, irailaren 6ra arte. Exibai baserri pareraino egin den bidegorria erabilgarri dago jada eta gunera bizikletan edo oinez joatea lehenetsiko da. Hala, azken urteetan egokitu den behin behineko aparkalekua ez da irekiko eta motordun ibilgailuak Torreauzoko aparkalekura bideratuko dira. Udalak informatzaile batzuk kontratatu asmo ditu bainu denboraldiak irauten duen bitartean.
Azken egun hauetako beroari aurre egiteko Zubikoako igerilekura jo dute askok. Igerileku ondoko berdegunea ere ekainaren 1ean irekiko da. Udako ordutegia, berriz, ekainaren 15ean sartuko da indarrean Zubikoako kirol instalazioetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!