Unibertsitatean Turismo bulegoa eratzeko lanen esleipena abiatzea onartu zen atzoko Diputatuen Kontseiluan
Sancti Spiritus unibertsitatearen birgaitze-proiektuaren bigarren fasean hiru eskuhartze nagusi aurreikusten dira: turismo-bulego berria izango dena, larrialdietarako eskailera berria eta igogailua. Turismo bulegoa eraikinaren sarrera nagusitik ezkerretara, IVAPen bulegoak zeuden espazioan egokituko da. Harrera gunea, bulegoa eta biltegia eratuko dira. Espazioak egun duen maila berdinduko da, eremu irisgarria sortuz. Izan ere, bigarren fase honen helburua ere bada unibertsitatearen eraikinak egun dituen irisgarritasun eta segurtasun gabeziak hobetzea. Hala, igogailua jarriko da, eraikinaren ezkerraldeko dorrearen barruan, turismo bulego berriaren atzealdean, eta larrialdietarako eskailera berri bat ere prestatuko da. Era berean, larrialdi-irteera berriak egokituko dira, eta aireztapen eta klimatizazio-beharrei erantzuteko instalazioetarako espazioa egokituko da. Lanak egikaritzea onartu zuen Diputatuen Kontseiluak atzoko bileran eta lizitazio prozesua abiaraztea erabaki zen. Bigarren fase honetako lanen lizitazio aurrekontua 1.008.060,57 euro da eta obrak egiteko sei hilabeteko epea zehaztu da.
Sancti Spiritus unibertsitateko kanpoko fatxadak, klaustroa eta eraikinaren estalkia zaharberritzeko lanak hasi berri dira eta udazkenera arte luzatzea aurreikusten da. Aldi berean egingo dira datozen asteotan esleituko diren bigarren faseko lanak. Prozesua abiarazteko erabakia hartu zen Diputatuen Kontseiluko atzoko bileran baina iragarkia oraindik ez da argitaratu Aldundiaren web atarian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!